Eskuak gorriz margotuta, grebara itzuli dira egoitza pribatuetako langileak

Erredakzioa 2023ko eka. 29a, 18:39

Gaur eta bihar Arabako egoitza pribatuetan zein etxebizitza komunitarioetan ELA eta LAB sindikatuek deitutako grebaren lehen egunak %50eko jarraipena izan du. Eskuak gorriz margotuta protesta egin dute Gasteizko erdialdean.

Urtean 1.792 orduko lanaldia. 1.104 euroko soldata gordina. Baldintza horietan lan egin daiteke? Baldintza horietan zaindu daiteke? Berriz ere, enegarrenez —22. greba eguna da gaurkoa—, grebara jo dute Arabako egoitza pribatuetako eta etxebizitza komunitarioetako langileek, beren lan baldintzak "duintzeko" lehen hitzarmen probintziala exijitzeko.

Sindikatuen arabera, "gehiegizko" gutxieneko zerbitzuak ezarri diren arren (%70), greba egin ahal zuten langileen %50ak bat egin du lanuzteekin. ELAk, sektorean ordezkaritza handiena duen sindikatuak, LAB sindikatuarekin batera, bi greba egun deitu ditu aste honetan, gaur eta bihar, ekainaren 29an eta 30ean.

Gaur, eskuak gorriz margotuta protesta egin dute Gasteizko erdialdean; besteak beste, udaletxetik, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen (GOFE) bulegoetatik eta Aldundiaren egoitzatik igaro dira, manifestazioan. Ibilbidean, giza-katea osatu eta kartelak erakutsi dituzte, "egoitza askoren egoera penagarriaren eta erabiltzaileek jasotzen duten arreta txarraren" inguruko esaldi eta irudiekin. Horrez gain, goizeko lehen ordutik informazio piketeak egin dituzte egoitzetako sarreretan.

Bihar, mobilizazio gehiago

Langileak bihar, ekainaren 30ean, itzuliko dira grebara. 11:00etan elkarretaratzea egingo dute Albertia Campus egoitzan (Nives Cano, 29), eta handik abiatuko da manifestazioa, 11:30ean. Amaitzeko, 12:30ean Probintzia Plazan "ekintza deigarri bat" egingo dutela iragarri dute.

Negoziazioen "blokeoa"

Epe luzean enkistatutako lan gatazka bilakatu da Arabako egoitza pribatuetakoa, eta, beste behin ere, negoziazio mahaiaren "blokeoa" salatu dute langileek. Azaldu dutenez, martxoaren 15etik sektoreko patronalaren erantzunik gabe jarraitzen dute. Horren aurrean, "enpresen borondate eskasa eta Arabako Foru Aldundiak sektoreko langile guztien baldintzak hobetzeko duen gelditasuna" salatu dituzte.

Patronalaren azken eskaintza "irrigarria" da sindikatuentzat: 1.340 euroko soldata 2028rako, eta urteko 1.742 orduko lanaldia. "Patronalaren jarrera axolagabeak eta sektore feminizatu eta arrazializatuaren baldintza prekarioak hobetzeko borondaterik ezak agerian uzten dute patronala oso eroso dagoela bere jarreran", kritikatu dute.

Gainera, ELAk salatu du enpresaburuek langileak "hertsatzen" dituztela grebara ez irteteko, "gutxieneko zerbitzuekin engainatuz, langileei jai eta baimenak emanez grebarekin bat egin dezaketen pertsonen kopurua jaisteko".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide