'Sex Sua' musikalak Araba izango du geltoki

Erredakzioa 2023ko mai. 24a, 12:30
Andoni Mutiloa aktorea du protagonista 'Sex Sua' musikalak. / Argazkia: Andoni Mutiloa

Ligatzeko aplikazioak eta LGTBI+ kolektiboa abiapuntu dituen Sex Sua antzezlan musikala ikusteko bi aukera izango dute arabarrek: maiatzaren 27an Amurrion eta ekainaren 29an Zigoitian.

Aurki, estreinakoz, Elur Etxearen Sex Sua musikala ikusteko aukera izango dute arabarrek, Gehitu eta Mugen Gainetik elkarteek antolatutako eta LGTBI+ kolektiboaren eskubideak antzerkiaren bitartez sustatu nahi dituen Harrotasunaren Antzerkia programaren barruan.

Ligatzeko aplikazioak dira obra horren abiapuntua, "bertan sortzen ari diren komunikazio kode berriak eta horiek erabiltzaileoi nola eragiten diguten" aztertuz. Horrez gain, auto-irudia, gizarteko kanon estetikoak eta besteentzat desiragarri izateko beharra ditu hizpide Andoni Mutiloa kazetari eta aktorearen ikuskizun berriak. Bide batez, genero eta sexu joera ezberdinen aldeko mezua zabaltzen du antzezlanak.

Nerabe zein helduei zuzenduta dago 50 minutu inguruko euskarazko ikuskizuna. Oholtza gainean pertsonaia bakarra dago, Mutiloak interpretatuta: Hiruki izeneko protagonista, genero zehatzik gabekoa. Berarekin batera ilusio faltsuen bidean barneratuko dira ikusleak, antzerkia, dantza, musika, umorea eta drama uztartuz.

Lehenengo hitzordua larunbat honetan, maiatzaren 27an, izango da Amurrio Antzokian, 20:00etan; sarrerak hemen eros daitezke. Hilabete beranduago, ekainaren 29an, ostegunean, Ondategiko antzokian (Zigoitia) ere ikuzkizuna ikusteko aukera egongo da, 19:00etan.

Azken hiru urteetan Esnatu naiz kabaretarekin 60 emanaldi baino gehiago eskaini ondoren, Andoni Mutiloa (Hernani, 1976) kazetari, irakasle, sortzaile eta aktorearen lan berria da Sex Sua musikala. Elur Etxea kultur proiektuaren bitartez, Mutiloak eta bere lantaldeak 2022ko maiatzean estreinatu zuten ikuskizuna, eta une honetan ere emanaldi berriak lotzen ari dira. Arabaren kasuan, lehen bi emanaldiak izango dira Amurrio eta Zigoitikoak, baina hitzordu gehiago lotzeko aukera zabalik dago oraindik.

Ohitura berrien inguruko gogoeta

"Ligatzeko aplikazioak gero eta gehiago erabiltzen ditugu. Horrekin batera, pertsonen arteko harremanak eraldatzen ari dira. Ohitura berriak sortzen ari gara. Baina osasuntsuak al dira harreman horiek? Zer eragin dute gure bizitzan eta gure auto-estimuan? Eta zer egiteko prest gaude maitasuna lortzeko?", dio ikuskizunaren sinopsiak. Horri buruzko gogoeta egin nahi dute Sex Sua-ren bitartez.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide