Jarraipen zabala Arabako landa eremuko osasun zentroetako greban

Erredakzioa 2023ko api. 27a, 17:00

Osakidetzari landa eremuko osasun publikoa desegiten aritzea leporatu diote osasun langileek, eta "zerbitzu publikoaren kalitatea eta lan baldintzak okertzen ez jarraitzea" exijitu diote lanuzte eta mobilizazioetan.

Hilabete eta erdiko protesta, sinadura bilketa eta mobilizazioen zein joan den larunbatean Gasteizen egindako manifestazio handiaren ostean, ostegun honetan, apirilaren 27an, greba egin dute Arabako landa eremuko Lehen Arretako mediku eta erizainek. Sindikatuek deialdiaren "erabateko arrakasta" azpimarratu dute, eta, beren datuen arabera, deituta zeuden langileen %80k baino gehiagok bat egin du lanuzte eta mobilizazioekin; Osakidetzaren arabera, berriz, jarraipena %53koa izan da.

"Arabako landa eremuko osasun publikoa desegiten ari da Osakidetza", ohartarazi du ELA sindikatuak, SATSE, SME, ESK, LAB, UGT, CCOO eta SAE sindikatuekin batera deitutako grebari buruz plazaratutako balorazioan. Hain zuzen ere, hori zen gaurko grebaren helburua: EAEko Osasun Zerbitzuari "argi eta garbi" exijitzea prozesu hori gelditzeko eta "osasun zerbitzu publikoaren kalitatea eta langileen baldintzak ez okertzea".

Goiz osoan zehar mobilizazioak izan dira herrialdeko osasun zentroetan, SOS Arabako landa eremua lelopean eta Osasun Publikoa Aurrera herri plataformen babesarekin: Zuian, Ozetan, Araian, Agurainen, Dulantzin, Legution, Espejon, Añanan... 12:30ean, eguneko mobilizazio nagusia izan den elkarretaratze bateratua egin dute Txagorritxu Ospitaleko sarrera nagusian; 13:30ean, manifestazioan abiatuta, Eusko Jaurlaritzak Lakuan duen egoitzaraino eraman dute protesta.

Lan baldintzak "mantentzea"

Osakidetzak txanda sistema berri bat ezarriko du, erizainak astean zehar Arabako landa eremu ezberdinetan txandakatzera behartuko dituena. Horren aurrean, besteak beste, egungo lan baldintzak mantentzea, langileekin "argi negoziatzea" eta ordezkapenen %100a bermatzea exijitu dute grebalariek.

"Arabako landa eremuak 25 urte daramatza asteburuetako etengabeko arreta kontratu partzialekin eta behin-behineko kontratuekin kubritzen. Iruzurrezko kontratuak dira; eta orain EPEtara aterako dituztenak, berez, orain 50 urte egin beharrekoak ziren", kritikatu dute langileen ordezkariek. "Lanpostu horiek ez dira berriak, eta lan baldintzak aldatu eta okertuko dituzte".

 "Landa eremuko osasun arretaren ezaugarri bat da hurbiltasuna eta zuzeneko tratua, paziente bakoitzak mediku eta erizain bat baitu esleituta. Osakidetzaren planteamenduak, ordea, pazienteen eta erreferentziazko osasun langileen arteko lotura galtzea ekarriko luke", ohartarazi dute. "Langileen aurkako eraso zuzena da, eta asistentziaren kalitatea okertuko du, landa eremuko langileen eskubideak urratzeaz gain".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide