Greba egingo dute, apirilaren 27an, Arabako landa eremuko osasun zentroetan

Erredakzioa 2023ko api. 11a, 12:03

Espejoko osasun etxean egindako protesta. PHOT.OK

Gaurko lan baldintzak mantentzea, langileekin "argi negoziatzea", eta ordezkapenen ehuneko ehuna bermatzea exijitzen dute.

ELA sindikatuak Arabako landa eremuko langileak grebara deitu ditu, apirilaren 27an. Azken asteetan, landa eremuko osasun zentroetan sinadurak bildu eta kontzentrazioak egin ondoren, langileek beste urrats bat egitea erabaki dutela adierazi du ELAk, Osakidetzak hainbat neurri hartu dituelako "herritarren osasun arreta ez ezik, langileen baldintzak ere kaltetzen dituztenak". Gaur egun ezarrita dauden lan baldintzak mantentzea, langileekin argi negoziatzea eta ordezkapenen %100 bermatzea aldarrikatuko dute. 

"Arabako landa eremuak 25 urte daramatza asteburuetako etengabeko arreta kontratu partzialekin eta behin-behineko kontratuekin kubritzen. Iruzurrezko kontratuak dira; eta orain EPEtara aterako dituztenak, berez, orain 50 urte egin beharrekoak ziren. Lanpostu horiek ez dira berriak, eta lan baldintzak aldatu eta okertuko dituzte", azaldu dute langileek.

Ez hori bakarrik, landa eremuko osasun arretaren ezaugarri bat da hurbiltasuna eta zuzeneko tratua dela nabarmendu dute langileek, "eta Osakidetzaren planteamenduek, ordea, pazienteen eta erreferentziazko osasun langileen arteko lotura galtzea ekarriko luke. Lehen mailako arretako langileen aurkako eraso zuzena da, eta asistentziaren kalitatea okertuko du", esan dute.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide