Ikasle Abertzaleak

Ikasle grebak "hezkuntza sozialista" aldarrikatu du

Erredakzioa 2023ko mar. 30a, 14:00

Ehunka gazte bildu ditu Gasteizen Ikasle Abertzaleak antolakundeak deitutako ikasle grebak. "Enpresari handien hezkuntza" salatu eta "hezkuntza sistema sozialista" baten eraikuntza aldarrikatu dute.

Enpresari handien hezkuntzak miseriara kondenatzen gaitu. Ikasle langileok borrokara! lelopean, ikasle greba antolatu du ostegun honetan, martxoaren 30ean, Ikasle Abertzaleak antolakundeak, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan; deialdia lanbide heziketara, bigarren hezkuntzara eta unibertsitatera zabaldu da. Milaka ikasle bildu dira Gasteizen, Bilbon, Donostian eta Iruñean.

Gasteizen, EHUren campusean zein ikastetxeetan egindako piketeez gain, bi mobilizazio nagusi izan dira goizean: 11:00etan Elurretatik (unibertsitateko ikasleak), eta 11:30ean Andra Mari Zuriaren plazatik; bertan bat egin dute unibertsitateko manifestazioak eta bigarren hezkuntzako ikasleen zutabeek. Goizean zehar, Hara Ba! ikasle hedabideak jakinarazi duenez, Ertzaintza Elurretara sartu da, sarrera blokeatzen ari ziren grebalariak aterarazteko.

 

"Enpresari handien hezkuntza"

"Hezkuntza sistema enpresari handien menpe dagoen instituzio bat gehiago da; bankari eta finantzario handiek kontrolatzen dute eta ikasleok gure azalean bizi ditugu horren ondorioak", adierazi zuten grebaren aurkezpenean. Salatu dutenez, gizarteko gainontzeko sektoreak bezala, hezkuntza instituzioa ere "ziklo ekonomiko berrira egokitu" behar da, "etorkizuneko murrizketetara egokituz, hezkuntza instituzioarekin negozioa eginez eta, batik bat, prekarietatean biziko den subjektua sortuz, ikasle langilea, hain zuzen ere".

Horretarako enpresari handiek curriculumean esku hartzen dutela salatu dute, "diziplinamenduan oinarrituko den heziketa eredu bat" ezarriz bigarren hezkuntzan. Unibertsitatean, halaber, "enpresarien araberako graduak" sortzen direla eta beste batzuk, berriz, "guztiz debaluatzen" direla salatu dute. Eredu dualaren bidez lanbide heziketa "enpresarien guztiz menpeko" bilakatuko dela ere salatu dute.

Bestalde, azken urteetan "proletalgoa hezkuntzatik kanporatua izaten ari dela" ohartarazi dute, baita "heziketa zentroak diziplinamendu laboral eta sozialerako bilakatzen ari direla" ere. "Ideologizazioan eta despolitizazioan oinarritzen den hezkuntza hau suntsitu beharra daukagu, gaurdanik ikasleria antolatuz, indarrak metatuz eta subjektu politiko aktibo gisa jardunez", aldarrikatu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide