Hitzez ekiteko garaia

Oskar Garcia de Bikuña, Euskaraldiko dinamizatzailea 2022ko urr. 29a, 10:00

"Hizkuntza inertziak haustea ez da erraza, baina paregabeko pozak dakartza"

Badator Euskaraldia. Hilabete baino gutxiago falta da Euskal Herri osoan batera egingo den ariketa sozialaren hirugarren edizioa hasteko –bigarrenez egingo da entitateetan sortuko diren ariguneetan-, eta aurten bai, kaleak hartuko ditugu. Izan ere, 2020ko edizioa eskuak loturik bizi genuen: denetariko baldintza eta murriztapenak jasan genituen gure arteko harremanetan, ostalaritzan eta kulturaren kontsumoan, besteak beste. Haatik, bigarren edizioa gauzatu genuen, Euskal Herriko eta mundu osoko krisi sozio-sanitario betean, euskararen erabilera sustatzen jarraitzeko beharrak irauten zuelako.

Hain zuzen ere, premia beretik abiatzen da hirugarren edizioa. Aurten, ordea, bestelako giroa dugu eta gizarteari hitzez ekiteko garaia dela adierazi nahi diogu, udaberriko Korrikan egin genuen bezalaxe. Gogoan al dituzue 22. edizioak Araban utzitako momentuak? Elurra mara-mara, aldarriak ozen eta euskaraz bizi nahi duen herri baten ilusioa gogoratzen ditut nik. Dudarik gabe, 2022 hitzaren eta ekimenaren urtea izan eta izango da.

Euskara plazara ateratzeko unea da –gaur eta beti–, nork berea, eta ez gara gutxirekin konformatuko. Euskaraz bizi nahi dugu, egunero eta bizitzako alor guztietan: etxean, tabernetan, kirol eta aisialdian, lantokian… Eta eskubidea badugu, baina oztopoak oztopo, gure baitan hasten da aldaketa.

Hizkuntza inertziak haustea ez da erraza, nekeza da sarri, baina paregabeko pozak dakartza. Gertuko lagun edota senideekin erderaz hitz egitetik euskaraz egitera pasatu denak ondo daki zertaz ari naizen. Zentra gaitezen, bada, garaipen txikietan, azken batean horiexek emango baitigute euskalduna izatea den bide gorabeheratsua egiteko adore. Eta, batez ere, bila ditzagun lorpen berriak. Denok daukagu arantzatxo bat edo beste, eta Euskaraldia kentzeko aitzakia eta tresna dugu.

Horregatik azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean txapak soinean jantziko ditugu berriro ere, eta gure hizkuntza ohiturak aldatzeko hurrengo urratsa egingo dugu. Ahobiziek lehen hitza beti euskaraz eginez eta ulertzen duten guztiekin euskarari eutsiz (baita elkarrizketa elebidunetan ere). Belarriprestek, nahi eta ahal duten guztietan euskaraz eginez, baina betiere dakitenek eurekin euskaraz egiteko prestasuna adieraziz.

Beraz, oraindik ez baduzue egin, aukeratu rola eta eman izena Euskaraldian. Araban eta Euskal Herrian, hitzez ekiteko prest!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide