Tren publikoa oinarri duen AHTaren alternatiba bat lantzen ari da ingeniari talde bat

Erredakzioa 2022ko abu. 29a, 08:44

Kontzentrazioa egin dute igandean Ribabellosan. ARABAKO HARANAK TRENAREN ALDE

Aurki aurkeztuko dute. Bat dator sindikatuekin lortutako trenbide akordioarekin, eta abiadura handiko lineen proiektuek eragindako herri eta batzar administratiboen ekarpenak biltzen ditu.

Ribabellosan elkarretaratzea egin dute tren sozialaren aldekoek asteburu honetan. Beste behin ere aldarrikatu dute AHTaren aurrean tren publiko eta sozial baten aldeko apustua behar dela, "herritik sortua, lurraldea egituratzeko eta arazo zaharrei irtenbidea emateko".

Ildo horretan, gogoratu dute benetako alternatiba horretan denbora asko daramatela lanean AHTaren kontrako taldeek, eta azpimarratu dutenez, ingeniari talde bat eratu da, abiadura handiko lineen proiektuek eragindako herri eta batzar administratiboen ekarpenak bilduz alternatiba bat eratzeko. Lan horren kostua ordaintzeko crowdfunding bat abiarazi zuten, eta emaitza aurki aurkezteko asmoa dute. "Alternatiba benetakoa da, eta gainera, bat dator sektoreko sindikatuekin lortutako trenbide-akordioarekin", esan dute.

Horrela, abiadura handiko trenentzat bakarrik izango den plataforma berri bat eraikitzea saihestuko dute proposamen berrian. "Egungo bideari beharrezko hobekuntzak emanez egingo da, era guztietako trenak zirkulatu ahal izateko, 250 kilometro orduko abiadurara iritsi arte; onura sozial handiena bilatuko da, kostu ekonomiko, sozial eta ingurumen kostu txikiagoarekin". Halaber, herrialdearentzat funtsezkoa den salgaien garraioari erantzuna emango zaiola aurreratu dute: "Trenbide-sare eraginkorra eta lehiakorra izan daiteke, Arabako ekoizpen zentroak eta industrialde garrantzitsuenekin lotuta".

Lantzen ari diren alternatiba berria aurrera eramateko borondate politikoa besterik ez dela behar esan dute. "Ataka honetan, politika ausartak behar ditugu, ingurunearekin eta bertan bizi garen pertsonekin atseginagoa den beste eredu baterantz joan ahal izateko. Horregatik, Garraio Ministerioari proiektuak atzeratzeko eta egungo trenbide-trazadurak egokitzeko eta hobetzeko eskatzen diogu, Garraio Ministerioa Castejon-Zaragoza tarteetan egiten ari den bezala".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide