Esklerosi anizkoitzaren aldeko 'Busti zaitez' kanpainarekin bat egingo du Gasteizek

Erredakzioa 2022ko uzt. 14a, 16:43
'Busti zaitez' kanpainaren 25. urteurrena aurkeztu dute. / Gasteizko Udala

Ekitaldi nagusia 12:00etan egingo dute, Estadio Fundazioan, baina Mendizorrotza, Gamarra eta Aldaieta Klub Nautikoa ere topaleku izango dira.

Igandean, uztailaren 17an, Busti zaitez kanpainaren 25. urteurrena ospatuko dute. Gizartea esklerosi anizkoitzaren inguruan sentsibilizatzea eta errehabilitazio-zerbitzuak mantentzeko funtsak biltzea da kanpainaren helburua. Ekitaldi nagusia 12:00etan egingo dute, Estadio Fundazioan, baina Mendizorrotza, Gamarra eta Aldaieta Klub Nautikoa ere topaleku izango dira.

Parte hartu ahal izateko, nahikoa izango da igerilekuan mugatutako zonaldean nahi bezainbeste metro igerian egitea. Boluntarioek igeri egiten duten guztiei diploma emango diete esklerosi anizkoitza duten pertsonei babesa emateko ekitaldi sinbolikoan. Gainera, jardunaldi osoan zehar, gaixotasuna zer den eta kanpaina honetan parte hartzeko eta laguntzeko modua azaltzen duten diptikoak eta informazioa banatuko dituzte.

Elkarteak ematen dituen birgaitze-zerbitzuak finantzatzen lagunduko duten funtsak biltzeko, ekimena gauzatuko den lekuetan stand bat jarriko dute kanpainako objektuekin (kamisetak, poltsak, amantalak edo koadernoak, besteak beste). Guztiek dute kanpainaren irudia, Katuki Saguyaki enpresaren buru den Mikel Urmenetak diseinatutakoa. Gainera, objektu horiek guztiak elkartearen egoitzan ere salgai egongo dira. Aurtengo ediziorako, Urmenetak bere burua bustitzen ari den arrain bat marraztu du. "Pandemiarekin bi urte gogor daramatzagu eta, horietan, gure gizarte-ohiturak eta kausa jakin batzuen aurrean izaten genuen sentsibilitatearen eta kemenaren zati bat galdu dugu. Horregatik, aurten, 2022n, ahal bada, pixka bat gehiago busti beharra dugu".

Esklerosi anizkoitza 

Esklerosi anizkoitza gaixotasun neurodegeneratiboa da, eta 300 bat pertsonari eragiten die Araban, 2.200 laguni Euskadin eta 47.000 laguni Estatu osoan; emakumeengan nagusitzen da batik bat. Hauek dira sintomarik ohikoenak: sentimen-nahasmenduak, orekaren eta mintzamenaren nahasmenduak; dardarak, gorputz-adarren ahultasuna eta, kasurik larrienetan, gorputz-adarren paralisia; eta alterazio urologikoak, bertigoa, nekea, inurridurak eta ikusmen-alterazioak. Ez da gaixotasun kutsagarria, ez eta herentziazkoa eta hilgarria ere.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide