Haran hertsitik, tontorreraino

Juanma Gallego 2022ko abu. 17a, 06:00

Ureztatzeko urmael bat dago inguruan, momentuz naturalizatu ez bada ere. FAUNEANDO

Toberan hasi eta Moraza gainerainoko ibilbidea egingo dugu Fauneando enpresako Andoni Llosa naturzalearekin. Bertako naturaz gain, inguruetako toponimian ere murgildu da aditua. 

Ibai Gorriaren haranean zehar ibilbide bat proposatu du Fauneando enpresako Andoni Llosa naturzaleak. "Gazteleraz Valle del Río Rojo gisa ezagutzen den ingurua oso lasaia da". Dioenez, ibaiaren ertzetan dauden lurren kolore bereziagatik datorkio izena, baina bertakoek lehen ere deitzen zioten Valle del Tenebrón. Izendapen horrek azalpen historikoa duela dirudi. "Antza, XX. mendearen hasieran Bilboko mediku bat etorri zen inguruetan lan egitera, eta leku batetik bestera mandoan joaten zen, jendea ikusi eta sendatzera. Alabaina, inguruan oraindik ez zegoen argindarra zabalduta, eta medikua asko ikaratzen omen zen. «Qué tenebroso es esto» esaten omen zuen, behin baino gehiagotan".

Gaur egun argindarra bai, baina lagun askorik ez da ibiltzen bertatik, eta lasaitasun hori eskertzeko modukoa da helburu nagusia naturaz eta bertako animaliez gozatzea denean. Haran estuak hiru herri hartzen ditu bere gain: Billa Tobera, Taravero eta Sanmartinzar. Llosak proposatzen duen ibilbidea lehen herrian hasten da, gertu dagoen mendi tontor batera igo eta buelta emateko. Billa Tobera herrian utzi daiteke autoa, iturri baten inguruan. Bertan, gainera, badago errekatxo bat, eta bertatik ateratzen den ur emariak antzina errota bat mugitzen zuen. "Txoko ederra da, eta oso lasaia, gainera".

Erkametza da Taravero inguruan aurki daitekeen zuhaitz espezieetako bat. FAUNEANDO

Ohartarazi du mendira igotzeko ez dagoela seinaleztapenik. Halere, gaur egun hori ez da arazo handia, mendizale eta xendazaleek erabiltzen dituzten ohiko aplikazioetan erraz aurkitzen baitira mendi horretara igotzeko jarraibideak. Gainaren izena Moraza da, mendiaren beste aldean dagoen herriaren izen berdina duena, hain justu. "1.050 metro inguru ditu mendiak. Billa Tobera 600 bat metrotara egonda, ez dago desnibel handiegirik. Erraz egin daiteke, baina, noski, gora egin beharra dago", aurreratu du.

Beste behin toponimiari helduta, bertako adineko bati mendiari buruz galdetuz gero, komeni da Los Payos mendiari buruz galdetzea. Izenaren jatorria ez omen dago ijito ez direnak izendatzeko erabiltzen den terminoan, zuhaitz batean baizik: pagoa. "Handik gertu ere, badago Pagoeta herria, eta horren jatorria ere zuhaitz horretan dagoela dirudi". Tamalez, gaur egun pago gutxi daude inguruetan. "Mendi tontorrean badira batzuk, baina, egia esanda, ez dago pagadi handirik", argitu du. Mendi tontorretik ikuspegi txukuna ikusten dela azaldu du Llosak. "Urizaharra eta Pagoeta oso ondo ikusten dira, eta baita Toloño ere".

Taravero herria bide baten inguruan eratuta dago, eta arkitektura bitxia du. FAUNEANDO

Llosaren proposamenari jarraiki, behin mendi tontorrera iritsita, bi aukera daude: lehena da mendiaren oinean dagoen Moraza herrira joatea, ondoren bueltako bidea egiteko. Bigarrena ibilbide zirkularra egitea da. Hautu honen abantaila da igaroko garela ureztatzeko eraiki zen urmael baten albotik. "Duela urte batzuk, egin zutenean, nahiko kontu gorabeheratsua izan zen, urmael hori egitearen aldekoak eta kontrakoak zeudelako. Ni ez naiz sartuko eztabaida horretan, berez dagoeneko urmaela eginda dagoelako. Baina egia da nortasun berezia ematen diola inguruari. Horren alboan pasatzen zarenean, horrenbeste ur egoteak beste kutsu bat ematen dio, eta oso polita da".

Hegaztiak eta ugaztunak

Tamalez, beste zenbait lekutan ez bezala, azpiegitura horrek ez ditu animalia gehiegi erakartzen. "Hegazti batzuk hurbiltzen dira, batez ere neguan; baina ez dira gehiegi. Ertzetan ez dira momentuz ur landare askorik garatu, eta horrela zailagoa da hegaztiak hurbiltzea. Gehiago eskertzen da paisaiaren ikuspuntutik, alde ornitologikotik baino". Ibilbidean aurki daitezkeen animaliei dagokienez, naturzaleak gogora ekarri du "ahalik eta isilen" joan behar dela baten bat behatu nahi izanez gero. "Bestela jai daukagu", ohartarazi du. Dioenez, bertatik buelta bat emanez gero arruntena izango da beste pertsonarik ez aurkitzea. Horregatik, hain justu, baliatu beharra dago abaguneaz. "Prismatikoak eramanez gero, arrano beltzen bat ikus genezake, hau behatzea nahiko zaila den arren. Beste arrano txikiagoak, ordea, errazago aurkituko ditugu. Udan ere irailean bereziki arrano sugezaleren bat topatu ahal dugu, eta baita saiak ere".

Ugaztunei dagokionez, jakina da zaila dela horiek egunaren argitan ikustea. "Baina isilik joanez gero, ez litzateke arraroa izango orkatzak ikustea, inguruan asko daudelako". Zoruari adi egonda, berriz, posible izango da ugaztunek paisaian utzitako aztarnak interpretatzea. "Bertako ugaztun ugarien arrastoak topatu ahalko ditugu: orkatzak ez ezik basurdeak, azeriak edota azkonarrak bizi dira inguruan". Baten bat ikusteko aukerak handitzeko, ezkutuan egon beharko genuke, edo mendira goizean goiz joan.

Fauneandon behin baino gehiagotan irakatsi dute aztarna horien interpretazioa, eta, oro har, natura osoarena. Duela hainbat urte hasi zuten enpresa, "grina zena" lanbide bihurtzeko asmoz. "Natura ezagutaraztea da helburu nagusia. Ibilaldiak antolatzen ditugu, baina helburua ez da tontorrak zapaltzea edo kirol hutsa egitea, baizik eta natura interpretatzen irakastea. Egia esanda, sarri mendizale askok nahiko neurri txikian ezagutzen dute natura, bertan denbora asko emanda ere".

Fauneando enpresa kudeatzen du Andoni Llosa naturzaleak. FAUNEANDO

Ibilbidea amaitu aurretik, Llosak gomendatu du Taravero herrian zehar bueltatxo bat ematea. "Oso txikia da, eta bide nagusi baten inguruan pilatzen diren etxeez osatuta dago. Horregatik esaten da bide-herria dela. Oso leku lasaia da ere, eta nahiko arkitektura polita dauka". 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide