Osasun arreta behar duten haurrak ekarri nahi dituzte Greziako errefuxiatuen kanpalekuetatik

Erredakzioa 2022ko uzt. 12a, 18:30
Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Mugak Zabalduz elkarteen prentsaurrekoa. / OEE ARABA

Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Mugak Zabalduz elkarteek Greziako uharteetako errefuxiatuen eremuetatik laguntza medikoa behar duten 40 haur ekartzea proposatu dute, Ukrainatik iritsitako errefuxiatuekin aktibatutako zenbait tresna baliatuz.

Astearte honetan, Gasteizko ZAS espazioan egindako prentsaurreko batean, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Mugak Zabalduz elkarteek Korridore Humanitarioak kanpainaren barruko ekimen bat aurkeztu dute.

Helburua? Korridore humanitarioen irekiera bultzatzea eta gaixotasun larriak dituzten haurrak bermeekin ekarri ahal izatea Greziako uharteetako errefuxiatu-guneetatik; gutxienez 25 eta 40 ume artean ekarri nahi dituzte Araba eta Euskal Herrira.

Egitasmoa maiatzaren 25ean jarri zuten martxan, eta ordutik 45 atxikimendu jaso dituzte EAEn, Katalunian, Valentzian, Gaztela eta Leonen eta Madrilen, besteak beste, elkarte eta gizarte mugimenduen artean. Euskal Herriaren kasuan, gainera, sindikatu gehienen babesa jaso dute. Oraingoz, atxikimenduak jasotzeko prozesua ez da amaitu. 

Era berean, bi hilabete hauetan Eusko Legebiltzarreko Elkarrekin-Podemos, EH Bildu, PSE-EE eta EAJ taldeekin bildu dira, eta harreman bira irailean jarraituko dute Nafarroako Parlamentuko taldeekin. Eta hurrengo urratsa Espainiako Kongresuko talde parlamentarioen ordezkariei idazki bat bidaltzea izango da, ekimenaren berri emateko.

Posible al da, Ukrainan bezala?

"Lehenik eta behin, Greziako errefuxiatuen kanpalekuetan harrapatuta dauden milaka pertsonak pairatzen ari diren egoerari begiratzea eskatuko diegu", azaldu dute. "Bertan daudenen profilari erreparatzen badiogu, ikusiko dugu gehiengo handi batek nazioarteko babesa jasoko lukeela. Arreta berezia merezi dute errefuxiatu-eremu horietan gaixotasun larriak dituzten haurrek, Medicos sin Fronteras taldearen datuen arabera".

Ondoren, Greziako irletan dauden errefuxiatuentzako korridore humanitarioak bultzatzeko, ekimen hau bere egiteko eta legebiltzarretan defendatzea eskatuko diete, "nazioarteko zuzenbide humanitarioaren irizpideei jarraituz, eta Espainiako Estatuaren egungo arau-esparruak eta, hedaduraz, Europako Batasunak eskaintzen dituzten aukerak ikusita".

Hori guztia posible dela uste dute Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Mugak Zabalduz elkarteek: "Gure abiapuntua da Europako Batasuna gai dela araudi baliabideak eta migrazio politikak aktibatzeko, erantzun koherente eta humanitarioa emateko, Frontex edo Dublingo Akordioa bezalako tresnetara jo beharrik izan gabe; Ukrainaren inbasioaren ondoren ikusi dugun bezala", azpimarratu dute.

Hiru tresna

Ekimena ahalbidetzeko, bi elkarteek iraganean aktibatu diren hainbat tresna aztertzea proposatu du:

  • 1. Korridore humanitarioak irekitzea onartzea Espainiako Estaturako eta, zehazki, EAEko eta Nafarroako autonomia erkidegoetarako. Bisatu humanitarioak ematea, gure lurraldera iristeko legezko modu seguru gisa. "Aukera hori Eusko Jaurlaritzak aztertu du, eta berriz hartzeko eskatu diogu, Italiako eta Frantziako korridoreen esperientzien ereduari jarraituz", azaldu dute.
  • 2. Schengen eremuko estatuetatik estatu hartzailera iristeko aukera emango dieten igarobideak igortzea ekimenaren onuradunei, korridore humanitarioak onartu arte, "Ukrainatik ihes egitera behartutako pertsonak Schengen eremuan mugarik gabe sartu ahal izan diren bezala". Lekualdatzeko askatasun-baimen hori 2022ko martxoan aktibatutako 2001/55/CE Zuzentarauan jasotako baimenaren antzekoa izango litzateke (zehazki, 2022ko martxoaren 4ko Kontseiluaren -UE-2022/382 betearazpenean), Ukrainako herritarrei zirkulazioa ahalbidetzeko.
  • 3. Aldi baterako babes araubidea eta bizileku baimena onartzea harreran hartutako pertsonentzat, Espainiako Estatuak 2001/55/CE Zuzentaraua eta hura 2022an aktibatzea jasotzen dituen 2/2022 Jarraibidean jasotakoaren antzekoa. "Jarraibide hori hirugarren herrialdeetatik datozen pertsonei erregulartasunez bizitzeko eskubidea gauzatzeko gaitasunaren adibide garbia da. Gure kolektiboetatik egiten dugun irakurketa da eskubide hori bermatzea borondate politikoaren araberakoa dela", azaldu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide