'La banyera' lanak irabazi du Korterrazako Alex Angulo saria

Erredakzioa 2022ko uzt. 11a, 09:00
'La banyera' laburraren irudia. / Korterraza

7.500 lagun baino gehiago bildu ditu aurten Korterraza jaialdiak. Alex Angulo saria Sergi Martiren La banyera filmak irabazi du, bigarren saria Cemento y acero filmak, eta komedia atalean Kellys lanak jaso du Eleyco saria.

Korterraza jaialdiko sari nagusia, Alex Angulo saria, Sergi Martiren La banyera filmak irabazi du. Bigarren saria, Keler saria, Oriol Villarren Cemento y acero filmak jaso du. Eta komedia atalean Javier Fesserren Kellys lanak jaso du Eleyco saria.

Ylenia Baglietto aktoreak, Paul Urkijo zuzendariak eta Edorta Lamo sukaldariak osatu dute aurtengo epaimahaia, eta aho batez hartu dute erabakia. "Ados gaude hirurok. Oso lan ona da, gidoi oso landua du eta sorpresa elementu askorekin", azaldu du Bagliettok Sergi Martiren lanaren inguruan.  "Bi kokapen baino ez dituen istorioa da, eta oso ondo aprobetxatzen du. Bien baliabideak, emanaldiak eta argazkia oso ondo daude", azaldu du Urkijok. 

La banyera katalanez filmatutako drama intimista bat da. Hasieran bainua hartzen ari den gizon bat ageri da, eta telefono mugikorreko dei misteriotsu bat erantzuten du. Sergi Marti zuzendariak aurretik Portero automático, Wut eta División Azul bezalako film laburretan lan egin du.

Ediziorik jendetsuena

Aurtengoa Korterrazaren ediziorik jendetsuena izan da; izan ere, 7.500 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute film laburren proiekzioetan eta kontzertuetan, Artium Museoaren kanpoaldean.

"Jende asko espero genuen, baina genituen aurreikuspenak gainditu ditugu. Proiekzioak ez ziren inoiz hain beteta egon, hasi baino 20 minutu lehenagotik aulkiak beteta, eta jende pila bat alboetan eta plazaren atzeko aldean. Espainiako estatuko film laburren jaialdi gutxik dituzte 700 pertsonatik gorako proiekzioak. Eta kontzertuek ere oso ondo funtzionatu dute, jende askorekin emanaldi guztietan ", azaldu du Xabi Vitoria jaialdiko zuzendariak.

Gainera, proiekzioen atalean, Juanma Bajo Ulloa eta Natalia Ruiz zinemagileak entzuteko aukera izan da aurten, The Parrot filma aurkeztera etorri baitira; baita Bea De Silva Tula-rekin, Imanol Ortiz Lopez N-666 filmarekin, eta Maria Algora eta Mikel Bustamante La nadadora-rekin ere.  

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide