Garraio publikoaren abonamenduak %50 merkeagoak izango dira irailetik aurrera

Erredakzioa 2022ko uzt. 8a, 10:30
Gasteizko tranbia, EHUko Campusaren inguruan. / ALEA

Eusko Jaurlaritzak iragarri du EAEko garraio publikoaren abonamendu guztien prezioa %50 jaitsiko dela irailaren 1etik aurrera. Besteak beste, BAT Txartelaren hileko prezioa 15 eurokoa izango da horrela.

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak aste honetan iragarri duenez, Espainiako Gobernuak dekretu bidez iragarritako %30eko deskontuaz gain, Eusko Jaurlaritzak %20ko beste deskontu bat ezarriko du EAEko garraio publikoko abonu guztien prezioa %50 jaisteko. Horrela, BAT Txartelaren hileko prezioa 30 eurokoa izatetik 15 eurokoa izatera pasako da.

Oraingoz, prezioaren murrizketa irailaren 1etik aurrera aplikatzea aurreikusi dute, eta horretarako izapideak abiatu ditu Eusko Jaurlaritzak. Espainiako Gobernuaren %30eko diru laguntza jaso nahi duten erakundeek Garraio Ministerioari eskaera aurkeztu behar diote uztailaren 31 baino lehen.

Gaur egun, 5 urte arteko adingabeek ez dute autobusa ordaindu behar, eta 6 urte artekoek dohainik erabili dezakete tranbia. Gorka Urtaran Gasteizko alkateak joan den astean adierazi zuen garraio publikoa 12 urtetik beherakoentzat doakoa izatea proposatuko zuela.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide