'Airbag' pelikularen 25 urteak ospatuko dituzte

Erredakzioa 2022ko uzt. 6a, 14:19
25 urte bete ditu Juanma Bajo Ulloaren pelikulak. / 'Airbag'

Zinema aretoetan inoiz ikusi ez diren zortzi minutuko metrajea gehituta, emanaldia egingo dute ostiralean; gainera, solasaldia izango da Juanma Bajo Ulloa, Karra Elejalde, Gorka Aginagalde eta Bingen Mendizabalekin.

25 urte bete dira Juanma Bajo Ulloa zuzendari gasteiztarrak Airbag pelikula aurkeztu zuela, bere ibilbidean hirugarren film luzea. Aurrekaririk gabeko arrakasta komertzial bihurtu zen: 2.500.000 ikusle eraman zituen aretoetara, 1.200 milioi pezeta lortu zituen, eta ordura arte gehien ikusitako ekoizpena izan zen estatuan, Almodovarren Mujeres al borde de un ataque de nervios eta Fernando Truebaren Two Much filmen aurretik. Umorez, parodiaz, gehiegikeriaz eta gagez betea, garaiko gazte belaunaldi oso batekin konektatzea lortu zuen.

Urtebetetzea ospatzeko, filmaren bertsio luze baten proiekzioa antolatu dute, zinema aretoetan inoiz ikusi ez diren zortzi minutuko metrajea gehituta. Emanaldian lanaren protagonistetako batzuk izango dira. Bajo Ulloarekin batera, Karra Elejalde eta Gorka Aginagalde aktoreak eta Bingen Mendizabal filmeko musikaren arduraduna arituko dira. Ekitaldia ostiral honetan izango da, uztailaren 8an, 20:00etan, Vital Fundazioa Kulturunean.

Gainera, emanaldira joaten direnek, Vital Fundazioa Kulturuneako hallean, filmarekin zerikusia duten piezen erakusketa aurkituko dute, horietako asko publikoak orain arte inoiz ikusi ez dituenak, hala nola filmaketaren, filmaren eta hainbat bitxikeriaren irudiak digitalean; parekorik ez duen fotokromo jokoa; sustapen-materiala; kamisetak; posterrak edo zuzendariak filmatzean erabilitako jatorrizko klaketa.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide