Zortzi herritarretik batek erabiltzen du euskara kalean

Erredakzioa 2022ko mai. 26a, 17:47

Azken bost urteetan egoera egonkortu da Euskal Herrian, Araban goranzko joera izanik.

Euskal Herriko kaleetan behatutako zortzi pertsonatik bat ari zen euskaraz (%12,6), 2016ko hizkuntzen erabileraren kale-neurketan behatutakoaren berdina da. 1989tik 2021era, beraz, euskararen kale-erabilera 1,8 puntu hazi da; 2006an neurtu zen erabilera-mailarik altuena (%13,7) eta hurrengo hamar urteetan (2006-2016) beherakada jaso ostean, azken bosturtekoan egonkor mantendu da datua.

Ipar Euskal Herrian euskararen erabilerak beherantz jarraitzen du, eta beste lurraldeetan gorabeherak daude. Hiru multzotan sailka daitezke euskararen erabilera-mailari dagokionez: Gipuzkoan hitz egiten da gehien (%31); hurrengo postuan kokatzen da Bizkaia, %9ko erabilerarekin; eta %5-6 inguruko erabilera-maila dago Araban, Nafarroa Garaian eta Ipar Euskal Herrian.

Eremurik euskaldunenean, herritarren %75-100 euskararen ezagutza duen eremuan, behera egin du euskararen kaleko erabilerak azken bost urteetan. Hego Euskal Herriko gainerako eremuetan, aldiz, igo egin da euskararen kale-erabilera 1993tik hona.

Hiriburuetan altuagoa da beste hizkuntzen erabilera Euskal Herri osoan baino. Donostian, euskararen kale-erabilera %15,3koa da, eta gainerako hiriburuetan % 2,5-4 artean dago. Aipagarria da, hiriburuen hurrenkeran, Gasteiz bigarren postuan kokatu izana. Gogora dezagun Araba dela erabilera baxuena duen lurraldea. Gasteizen eta Bilboren kasuan, euskara, gaztelania edo frantsesa ez diren beste hizkuntzen kaleko erabilera azpimarratu behar da, %4-5ekoa baita.

Haurren erabilerak gora

Azken bost urteetan, haurren erabilerak gora egin du. 1989tik aurrera, euskararen kalko erabilerak gora egin du adin-tarte guztietan, adinekoen salbuespenarekin. Euskararen erabilera altuenetik txikienera hau da adin-taldeen hurrenkera: haurrak, gazteak, helduak eta adinekoak. Zenbat eta gazteago, halaber, orduan eta gehiago gailentzen zaio emakumezkoen euskararen kale-erabilera gizonezkoenari. Portaera hori aurreko edizioetan ere behatu da. Adinekoen kasuan, gizonezkoek emakumezkoek baino gehiago darabilte euskara. Haurrak eta nagusiak batera daudenean euskararen erabilera altuagoa da, bereizita daudenean baino.

Metodologia 

Euskararen lurralde osoko kaleetan 600.000 pertsona baino gehiago eta 200.000 elkarrizketa baino gehiago behatuz egin zen neurketa 2021eko iraila eta urrian. Neurketak ikuspegi kuantitatiboa du eta behaketa zuzenaren teknika darabil. Kalean entzundako elkarrizketak zein hizkuntzatan gertatu diren jaso dute neurtzaileek. Gainera, elkarrizketa horietan parte hartu duten solaskideen ezaugarri batzuk bildu dira, zuzeneko behaketa bidez pertsonei egotzi diezazkiekegunak; inori ezer galdetu gabe: generoa, adina eta haurren parte hartze aktiboa, hizlari gisa. 145 udalerritan jaso dira datuak; lurralde guztietakoak, gune soziolinguistiko guztietakoak eta biztanle-kopuru desberdinetakoak. Inoiz baino ordu gehiago behatu dira 2021eko edizioan. Horri esker, inoizko pertsona kopururik altuena behatu da. Behatutako solaskide kopurua kontuan izanda, Euskal Herrian inoiz egin den ikerketa kuantitatibo handienetako bat dela esan daiteke.

Zortzigarren aldiz egin da neurketa eta azken bost edizioetan bezala, Soziolinguistika Klusterra arduratu da ikerketaz. Hona hemen ikerketaren datu guztiak: Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketa

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide