Ekoizpena geldirik eta jarraipen masiboa Mercedeseko lehen greba egunean

Erredakzioa 2022ko eka. 22a, 09:30

Mercedeseko langileen manifestazioa, fabrikaren inguruan. / Argazkia: ELA

Hitzarmenaren negoziazio gatazkatsuaren erdian, ekoizpen-lerroak gelditzea lortu du Mercedeseko grebak; jarraipena %95ekoa izan da sindikatuen arabera, eta %75ekoa enpresaren arabera. ELA, LAB, ESK, UGT eta CCOO sindikatuek manifestazio bateratua egin dute goizean.

Ekoizpen-lerroak geldirik, langileen artean %95eko jarraipena eta piketeetan "jendetza" bilduta. Horrela hasi da asteazken honetan Mercedeseko langileen lehen greba eguna; sindikatuen arabera, "historikoa" izan da.

Gaurkoa hitzarmen berriaren negoziazioa desblokeatzeko helburuarekin etor daitekeen greba zikloaren lehen eguna da; egun osoko eta txanda guztietako greba. Aipatutako bost sindikatuek bi bloketan banatuta deitu dute grebara eta bloke bakoitzak bere pikete eta mobilizazio propioak egin ditu, baina adostasuna lortu dute enpresaren inguruan 11:00etan manifestazio bateratu bat egiteko; jendetza bildu da bertan.

Horrez gain, ELA, LAB eta ESK sindikatuek beste hainbat deialdi propio egin dituzte: txanda bakoitzean informazio piketeak, 10:30ean elkarretaratzea fabrikako ate nagusian, eta 18:30ean elkarretaratzea eta manifestazioa Andre Maria Zuriaren plazan.

UGTk eta CCOOk, egunean zeharreko piketeez gain, SEA patronalaren aurrean elkarretaratzea deitu dute 18:00etan. Mobilizazio horri begira ez dute lortu erabateko batasuna, baina Ekintza eta PIM taldeek bat egingo dute.

Bi bloke sindikalen batasuna

Enpresa batzordeko sindikatuen artean ez dago oraingoz erabateko adostasunik mobilizazioak zehazteko orduan: alde batetik, ELA, LAB eta ESK sindikatuek lanuzteak eta grebak planteatu dituzte ekainaren 27tik uztailaren 1era bitarteko astean, astelehenetik ostiralera; bestetik, CCOOk eta UGTk 24 orduko bi greba deialdi egin dituzte asteazken honetarako eta hurrengorako —ekainaren 22an eta 29an—, "negoziazioan argi eta garbi aurrera egiten ez bada".

Nolanahi ere, euskal sindikatuen blokeak estatu mailako sindikatuen bi deialdiak babestea erabaki dute, plantilla osoaren batasuna bultzatzeko.

Hitzarmen berriaren negoziazioa

Tentsioak ez du behera egin azken asteetan Mercedeseko hitzarmen berriaren negoziazioetan. Izan ere, multinazionalak 1.200 milioi eurotik gorako inbertsioa aurreikusi du 4.700 langile inguru dituen Gasteizko lantegian, eta, akordiorik lortu ezean, bertan behera gelditu liteke.

Testuinguru horretan, joan den astean, Mercedeseko zuzendari Emilio Titosek akordio bat sinatu zuen EAEko eta Arabako erakundeekin, horien babesa irudikatu eta sindikatuak hitzarmena sinatzera bultzatzeko asmoz. Uztailean, gainera, Iñigo Urkullu lehendakaria Stuttgarten (Alemania) bilduko da Mercedes-Benz konpainiako CEOarekin, inbertsio proiektuari Eusko Jaurlaritzaren babesa helarazteko.

Bere aldetik, pultsua gogortzea erabaki du Gasteizko fabrikako gehiengo sindikalak. Hitzarmenaren negoziazioaren bilakaera, erakundeen aldetik jasandako "presioa" eta zuzendaritzak hitzarmen berrirako planteatzen dituen baldintzak gogor kritikatu dituzte ELA, LAB, ESK, CCOO eta UGT sindikatuek, bai baldintza ekonomikoengatik, bai malgutasunaren aldeko apustuagatik.

Horren aurrean, alde sozialaren eskakizun nagusiak honako hauek dira: besteak beste, malgutasuna ez areagotzea seigarren gau batekin (igandeetan), erosteko ahalmena ez galtzea, txanda-kontratua hobetzea, langile berriak ez diskriminatzea, eta asteburu zein jaiegunetan lan egiten duten 500 langileen lan baldintzak adostea.

Zuzendaritza eta sindikatuen arteko azken bilera joan den ostiralean egin zen, hilaren 17an, akordiorik gabe eta negoziatzeko data berririk gabe. Izan ere, zuzendaritzak sindikatuei jakinarazi die ez duela bilera gehiago deituko lanuzteak mahai gainean dauden bitartean. Are gehiago, astearte honetan plazaratutako ohar batean, zuzendaritzak negoziazioari "boikota" egitea leporatu die sindikatuei, "langile guztientzako ulertezinak eta kaltegarriak diren lanuzteekin".

Eguneko lehenengo protestak, Mercedeseko sarreran. / Argazkia: ELA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide