Koronabirusa

Maskara derrigorrezkoa izango da kalean, berriz ere

Erredakzioa 2021ko abe. 22a, 20:50

Pedro Sanchez Espainiako presidentea, Kongresuan. / MONCLOA

Espainiako Gobernuak ostiraletik aurrera berrezarriko du maskara aire zabalean erabiltzeko derrigortasuna. Eusko Jaurlaritzak iragarri du Gabonetan ez duela neurri gehiago ezarriko, erabakia autonomien esku gelditu bada ere.

Pedro Sanchez Espainiako presidenteak ezohiko Ministro Kontseilua deituko du ostegun honetan, kalean ere maskararen nahitaezko erabilera berreskuratzeko, Covid-19aren pandemiaren seigarren olatuari aurre egiteko neurri nagusi gisa. Hainbat autonomia erkidegok neurri hori berrezartzea eskatu izan dute azken egunetan, besteak beste Urkullu lehendakariak.

Espainiako Gobernuak ostiralean, abenduaren 24an, lege dekretu baten bidez ezarriko du neurria. Hala iragarri du Sanchezek Covid-19 kasuen azken asteetako gorakadaren aurrean presidente autonomikoekin egindako konferentzia telematikoan.

Horrenbestez, uneoro maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da berriz ere —nahitaezkoa izateari utzi zion ekainaren 26an— baita aire zabalean eta pertsonen arteko distantzia mantentzen den kasuetan ere. Hainbat salbuespen egongo dira: aire zabalean kirola egitean, landa eremuan metro eta erdiko distantzia bermatu daitekeenean, eta bizikideen artean.

Gaur egun, neurri horren eraginkortasuna zalantzan jartzen du komunitate zientifikoaren zati zabal batek, Covid-19a gaizki aireztatutako espazio itxietan hedatzen delako, eta aire zabaleko espazioetan ia presentziarik ez duelako.

Era berean, txertaketa indartzeko militarrak erabiltzea, Sare Sanitario Militarreko ospitaleak eskaintzea eta osasun langile erretiratuak eta aurre-erretiratuak kontratatzea proposatu du Sanchezek.

Momentuz, beste murrizketa batzuk baztertu egin ditu Sanchezek, hainbat autonomi erkidegok eskatzen zizkioten arren: besteak beste, ostalaritzan, aisialdian eta ekitaldietan edukiera berriak ezartzea edota jarduerak amaitzeko ordutegi-mugak ezartzea.

Beste neurriak, LABIren zain

Iñigo Urkullu lehendakariak, adibidez, ostalaritza eta merkataritzako establezimenduen ordutegiak mugatzea proposatu du ospakizun egunetan: abenduaren 24an, 25ean eta 31n, eta urtarrilaren 1ean, 5ean eta 6an, ostalaritza eta merkataritza 21:00etan ixtea —jantokiak 23:30ean— nahi du Jaurlaritzak, baita edukierak eta jarduerak mugatzea ere. Gainera, neurri horiek —edo antzekoak— urtarrilean zehar ere mantendu nahiko lituzke, ostalaritza 01:00etan itxiz.

Gabonetarako balizko bestelako murrizketak, orain arte bezala, autonomia erkidegoen esku gelditu dira, baina, Eldiario.es hedabideak aurreratu duenez, Eusko Jaurlaritzak ez du neurri gehiago ezarriko. Urkulluk deitoratu du Espainia osorako akordiorik ez dagoela eta "autonomia erkidegoek ez dutela tresna nahikorik".

Lehentasuna, txertaketa

Txertaketa prozesua bizkortzea da helburu nagusia Espainiako Gobernuaren hitzetan, eta honako helburu hauek ezarri ditu: 60-69 urte bitarteko herritarren %80k urtea amaitu baino lehen hirugarren dosia hartzea; ehuneko kopuru hori 50-59 adin-tartean lortzea urtarrilaren 24ko astean, eta 40-49 urte bitartean martxoaren lehen astean.

Horrez gain, lehen dosi pediatrikoaren %70era iritsi nahi da otsaileko lehen astean, eta txertatutako haurren %70era apirilaren 19an.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide