Gure bazterrak

Artearen eta memoriaren ispilu

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute / PHOT.OK 2021ko aza. 7a, 10:00

Santu Guztien Egunarekin hasten dira neguko festak. Lorez betetzen dituzte pertsona maitatuenen hilobiak senideek, eta istorio isilak gordetzen dituzten kanposantuak egun batez berpizten dira.

Mota askotakoak izan daitezke hildakoak gogoratzeko espazio fisikoak, eta Europako mendebaldean ezaugarri historiko komunak dituzte. Euskal Herrian hilerri kristauak daude nagusiki, baina baita juduak, musulmanak eta akonfesionalak ere. Hirietako hilerri monumentalak daude eta herri txikietako xumeagoak. Herriaren barruan eraikitakoak daude, eta baita kanpoan ere.

Araban, gutxienez, 342 hilerri daude lurralde osoan, eta doluaren kulturaren sinboloak izateaz gainera, garaiko historiaren, artearen eta gizartearen lekuko dira. Europa osoan bezala, Araban ere, XVI. eta XVIII. mendeen artean, eliza barruko ehorzketak debekatzen hasi ziren, eta hilerriak herrietatik eta hirietatik kanpo ateratzeko agindua jaso zuten agintariek, osasun eta higiene arrazoiak medio. XIX. mendean sortu ziren, beraz, hilerri garaikideak.

Horien adibide gorena Gasteizko Santa Isabel hilerria da. XIX. mendean jasandako tifus epidemiaren ondoren, hilerria zabaltzeko erabakia hartu zuten, Santa Isabel ermitaren ondoan eta hiritik kanpo. 1808ko martxoan bedeinkatu zuten hilerria, eta XIX. mendean zehar hainbat aldiz handitu behar izan zuten kanposantua. 1973. urtean hiriaren barruan geratu zen, eta, beraz, urtarrilaren 1ean Salbatzailearen hilerria inauguratu zuten.

Santa Isabel hilerrian 42 kapera-panteoi daude, eta politikan, merkataritzan eta industrian, arlo militarrean, arteetan, zientzietan eta kirolean nabarmendu diren arabar askoren gorpuzkiak aurki daitezke. Hasiera-hasieratik, gustu neoklasikoa, antolaketa

Ikuspegi erromantiko batekin eraiki zuten Gasteizko Santa Isabel hilerria XIX. mendean

ortogonala eta konposizioan argitasuna bateragarri egiteko ahalegina egin zuten arkitektoek. Ikuspegi erromantiko batekin eraiki zuten, hilerri-lorategi bat bezala, "landareez eta monumentuz zipriztinduta, arrasto pintoreskoa eta solemnea uzteko".

Gasteizkoaz gainera, hildakoak eliza barruan lurperatzeko debekua ezarri zuen Erret Aginduarekin batera eraiki zuten ere Maturako San Miguel Arkanjeluaren baselizan hilerri bat, gaur Arabako teilatupeko hilerri bakarra dena. Eta Aguraingo hilerria ere XVI. mendearen erdialdean Rui Garcia de Zuazok eta Teresa Ruiz de Arrarainek eraikitako antzinako guruztoki bat aprobetxatuz egin zuten, bertan dagoen inskripzioak adierazten duen bezala. Gaur egun, kanposantuaren buru den kapera da guruztoki hori.

Lautadatik atera gabe, berriz, Barriako kapitulu-gela zaharrak bertan lurperatzen zituzten monasterioko abadesetako hilobi-lauza eder batzuk gorde ditu, XVI. mendetik. Besteak beste, Marina de Gebara Lazarraga eta Milia Garcia de Zuazo abadesa handien hilobi-lauza interesgarriak daude bertan, bere abizenen ezkutuak oinetan dituztela.

Aiaraldean, halaber, itzal handiko familiek Laudioko hilerria eraikitzeko inbertsio handia egin zuten, memoria gordetzeko eta boterea erakusteko asmoz. Hala, Laudioko hilerrirako lursailaren zati handi bat Belaustegigoitia familiak utzi zuen, eta panteoia egiteko lekua jaso zuen trukean. Halaber, Urquijo familiaren familia-panteoia dago bertan: Francisco Mendoza Cubasek 1889 eta 1893 bitartean eraikitako kapera neomediebal ikusgarria da. Barrualdean, nabarmentzekoak dira Miarritzeko Maumejean enpresaren beirate magikoak eta lehen markesaren nitxoa gordetzen duen aldare ikusgarria.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide