EAJk irabaziko lituzke hauteskundeak Araban, Soziometroaren arabera

Erredakzioa 2019ko mai. 17a, 12:07

Ramiro Gonzalez EAJko ahaldun nagusigaia, kanpainako ekitaldi batean. EAJ

Gasteizko Udalean zazpina zinegotzi lortuko lituzkete EAJk eta EH Bilduk, jeltzaleek tarte txikiarekin irabazi arren.

Arabako Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak EAEko Batzar Nagusietarako eta hiriburuetarako udal hauteskundeen botoen aurreikuspena argitaratu du. Aurretik argitaratutakoen aurrean, Arabako Batzar Nagusietarako EAJren nagusigoa berresten du, eta Gasteizko Udalean EAJren eta EH Bilduren artean lehia oso estua izango dela. Dena den, Soziometroaren arabera, EAJ nagusituko da hiriburuan oso tarte txikiarekin. Soziometroaren inkestak ere PPren lur jotzea egiaztatzen du.

Hartara, Arabako Batzar Nagusietarako boto estimazioan EAJk botoen %28,2 lortzen du; EH Bildu bigarren geratzen da, %23ko portzentajearekin; Elkarrekin Podemosek okupatzen du hirugarren postua (%14,7); PPk %14ko boto-portzentajea izango du, Soziometroaren arabera; eta PSE-EEk %13,8. Inkestaren aurreikuspenak duela lau urteko emaitzekin alderatuta, PPk bigarren postua galduko luke, eta bataila EAJren eta EH Bilduren artean izango da.

Gasteizko kasuan EAJk irabazi arren, EH Bilduk lortutako adina zinegotzi jasoko lituzkete jeltzaleek. Zazpina zinegotzi izango dituzte alderdi biek, jeltzaleek boto-estimazioan %22,4 dute, eta Larrionen taldeak %22,2. PPk, %19ko boto estimazioarekin bost eserleku izango lituzke udalbatzan; PSE-EEk lau zinegotzi %14,7rekin; eta Elkarrekin Podemosek beste lau zinegotzi %13,7rekin. Hortaz, EAJk igoera nabarmena izango du hiriburuan, hirugarren postutik lehen postura pasatzen baita eta bi zinegotzi gehiago izango ditu, eta EH Bilduk zinegotzi bat gehiago lortuko du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago