Garoñako zesioari buruzko azalpenak eman beharko ditu Espainiako Gobernuak

Juanma Gallego 2018ko abe. 18a, 07:38
Zesio-137 isotopoaren aztarnak aurkitu zituen CSNk Garoñako bi estoldatan. / NUCLENOR

ALEAk zabaldutako informazioan oinarrituta,  Juantxo Lopez de Uralde diputatuak galdera aurkeztu du Kongresuan.

Azaroaren 21ean zabaldu zuen ALEAk Garoñako bi estoldatan isotopo erradioaktiboaren aztarnak aurkituak zituztela, CSN Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak argitaratutako ikuskaritza akta batean oinarrituta.

Informazioa zabaldu eta egun berean aurkeztu zuen Espainiako Kongresuan gertakariari buruzko galdera idatzia Unidos-Podemos taldeko parlamentari Juantxo Lopez de Uraldek, baina hilaren 11ra arte ez du hasi tramitazioa Kongresuaren Mahaiak, eta astelehen honetan argitaratu dute Espainiako Gorte Nagusietako Aldizkari Ofizialean.

"Alea.eus-ek jaso dituen Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren hainbat aktatan agertutako informazioaren arabera, Garoñako Zentral Nuklearreko turbinaren kanpo perimetroko bi euri estoldatan zesio-137 isotopo erradioaktiboaren bi aztarna aurkitu dira. CSNko ikuskatzailearen arabera, 1985. urtera arte monitorizatu ez ziren haizagailuen arrastoak lirateke hauek", dio idazkiak.

Aurkeztutako ekimenean, Lopez de Uraldek gobernuari galdetu dio ea gertakariaren berri ba ote zuen, eta kutsadura hor norainokoa den arriskutsua, gobernuaren ustean. Era berean, isurketa horri buruzko informazio espedientea zergatik ez duen zabaldu galdegin du diputatuak. Gobernuak 2019ko otsailaren 13a baino lehen eman beharko ditu gaiari buruzko argibideak.

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide