Alavesek azken minutuan lortu zuen berdinketa

Erabiltzailearen aurpegia Ibon Gorrisi 2018ko ira. 28a, 09:25
Argazkia: Laliga.es

Taldeak ekinaren ekinez sailkapenaren goialdean jarraitzen du.

Alavesek ondo baino hobeto daki epaileak bukaera adierazi arte golak egin daitezkeela, eta horixe gertatu zen Mendizorrotzan atzo iluntzean Getaferen aurka jokatutako partidan. Izan ere, Jonathan Callerik 93. minutuan berdinketaren gola lortu zuen. Harmailetan eromena! A zer-nolako eromena. Taldeak konfiantza ikaragarria du eta horren ondorioz azken hasperena eman arte dena ematen du.

Partida gogorra izan zen atzokoa, ezbairik gabe. Lehen zatian Getafe izan zen nagusi, jokoaren ekimena eraman zuen eta ez zuen atzean zirrikiturik utzi. Abelardok hasierako hamaikakoan, berriz ere, aldaketak egin zituen; Burgui eta Martin hasieratik izan ziren zelaian. Halere, eskema berbera erabili zuen Bordalasen taldeari aurre egiteko. Aldaketak aldaketa, bizkarra ondo zaintzen duten bi talde izanik, ez batak ez besteak ez zuten lehen zatian zehar arrisku gehiegirik sortu. 

Badirudi, kondairak dioen bezala, Ibai Gomezek gola egin ezezean Alavesek ez duela irabazten, eta halaxe dela ematen du. Lehen zatia bukatzear zela epaileak Alavesen aldeko penaltia adierazi zuen. Ibaik gaizki jaurti eta Soria atezainak geratu egin zuen. Horren ondorioz, hutsna berdindurik joan ziren bi taldeak aldageletara.

Bigarren zatia aldiz bizi-bizi hasi zen. Biek ala biek garaipena nahi zuten eta golaren bila atera ziren zelaira. Horietako batean, Laguardiak izan zuen abagune argia eta buruz langara bidali zuen baloia. Bazirudiren partida talde arabarren alde jarriko zela, baina usteak erdi ustel. Izan ere, 80’. minutuan Amath-ek jaurtiketa bikaina eginez, Madrildarren alde markagailuan huts eta batekoa jartzea lortu zuen. Zaplasteko galanta gasteiztarrentzat. Erorikoen ondorioz ikasten dela esan ohi da, eta Alavesek atzokoan ere, ekinaren ekinez berdinketa lortu zuen azkenik.

Callerik lortu zuen berdinketaren gola partida agortzear zegoela (93. minutua) eta esku hutsik joatetik, puntu bat lortzera, zerbait bada. Gutxienez, puntu horrek sailkapenaren goialdean jarraitzeko aukera ematen du. Momentuz “Champions” postuetan jarraitzen du taldeak, eta dantzan jarraitzeko bizi-poza dute oraingoz gasteiztarrek.

 

HAMAIKAKOAK:

Alaves: Pacheco, Martin, Laguardia, Ximo Navarro, Duarte, Ibai (79’. Burgui), Brasanac, Wakaso (61’. Manu Garcia), Jony, Jonathan Calleri, Sobrino (72’. Guidetti)

Txartel horiak: 43’. Wakaso, 81’, Manu Garcia, 82’. Jony, 88’, Brasanac.

Getafe: David Soria, Damián Suárez, Bruno, Diené, Cabrera, Amath (83’. Foulquier), Portillo, Maksimovic, Aranbarri (76’. Markel Bergara), Angel (69’ Jorge Molina), Mata

Txartel horiak: 74’. Aranbarri, 94’. Cabrera.

 

Golak:

0-1: 80'. Amath,

1-1: 93': Jonathan Calleri

 

Mendizorrotzako harmailak:

Eguraldi zoragarria futbola ikusteko eta giro ezin hobea harmailetan. Jendea erabat animaturik eta taldearekin une oro bat eginik. Zelaia erabat bete ez arren, 18.373 ikusle bildu ziren partida ikusteko. Partidaren hasiera omenaldia egin zitzaion Angel Benitori, mantenimendu eta berdeguneko arduradunari. Benetan hunkigarria, izan ere, ia 44 urte izan da Alaveseko langilea, eta hastapenetan denetatik egiten zuen. Bordalas Getafeko entrenatzaileak ere, txalo zaparrada jaso du. Ezin da ahaztu bera izan zela Alaves Lehen mailara taldea eraman zuena.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide