Berriz ere final batean

Erredakzioa 2017ko mai. 26a, 21:13
Jokalari multzoa erabat berrituta ekin zion Alavesek 2016-2017 denboraldiari, eta emaitza bikainak eskuratu ditu ligan eta kopan. | d. alaves

Celtaren aurkako kanporaketa gainditu eta gero, Alavesek bere 96 urteko historiako Kopako lehen finala jokatuko du larunbatean, Bartzelonaren aurka, Vicente Calderonen.

Talde gasteiztarrak bere lehen titulua irabazteko aukera izango du larunbat honetan. Partida 21:30ean jokatuko da, Vicente Calderon eraitsi aurretik zelai honek jasoko duen azken partidan. Babazorroak finalean egotea sorpresa handia da, are gehiago kontuan hartuta taldearen lehen urtea dela lehen mailan hamar urteren ostean. 

Izan ere, finalak taldearen berpiztea konfirmatu du, Kerejetaren proiektua baieztatuz. Ibilbide hau Bigarren B Mailan hasi zen. Urrun geratu dira, dagoeneko, zorrekiko arazoak, eta orain bakarrik etorkizunari begiratzen dio Alavesek, Mendizorrotzaren handitzea eta harrobiaren indartzea hurrengo helburuak baitira. 

Bazkide kopuruaren errekorra hautsita, ilusioz gainezka hasi zen denboraldia. Hala ere, urduritasuna nabaria zen ere, 17 jokalari fitxatu baitziren talderako. Askok uste zuten taldea ez zela prest egongo hasierarako. Baina taldeak duda guztiak zapuztu zituen hasieratik, Atletico de Madrili berdinduz 1 eta 1, Manu Garciak partidako azken minutuan sartutako golari esker. Pellegrinok talde oso sendoa landu zuen, defentsatik hasita.

Urteko lehen sorpresa Camp Nouko garaipena izan zen, 1-2koa. Eta Kopan, berriz, gutxika gutxika, Alaves txandak gaindituz joan zen, final aurrenetara ailegatu arte. Celtaren aurkako bi partidak hil ala bizikoak izan ziren, baina talde babazorroa bigarren partidako 82. minutuan gailendu zen Edgarrek sartutako golari esker.

Honela, talde babazorroa beste final batera ailegatu da, 16 urteren ondoren, Dortmundeko final ahaztezina eta gero. Hala ere, final hau Alavesek jokatuko duen Kopako lehen finala izango da, inoiz ez baita finalera ailegatu bere 96 urteko historian zehar.

Ligari dagokionez, taldea hobetuz joan da azken hilabete honetan, garaipen garrantzitsuak eskuratuz,talde indartsuen aurka gainera. Taldeak erraz ziurtatu du bere plaza Lehen Mailan eta Kopako finala prestatzen egon da azken partidatan. Pellegrinok jokalariak kontzentraturik mantendu ditu, sekulako izaera erakutsiz zelaian.

Zaletuak inoiz baino gehiago egin dute bat taldearekin aurten,  eta ilusioz gainezka dago hiria. Izan ere, 20.000 zale espero dira Madrilen. Bestetik, Iraultza 1921 taldeak adierazi du Alavesarekin batera, 600 metro karratuko tifo bat eta mosaiko bat zabalduko direla zelaian.

Desagertzeko zorian

2009-2010eko denboraldia talde babazorroa berriro Bigarren B Mailan estreinatu zen. Gainera, desagertzeko zorian zegoen taldea, zorrak zirela medio. Dmitry Pitermanek utzitako ondareak arrisku larrian utzi zuen Alaves.

Zalaparta guzti horren erdian Saski Baskonia agertu zen, eta Kerejetak taldearen kontrola hartu zuen 2011. urtean. Hortik aurrera, helburua bikoitza izan zen. Alde batetik taldearen hazkundea, eta, bestetik, zorraren desagerpena. Lehen urratsa 2012-2013 sasoian egin zen, berriz ere zilarrezko mailara igo baitzen talde gasteiztarra.

Pausuak gutxika ematen hasi ziren zorrari dagokionez, eta lehen urtean mailari eustea ezinbestekoa zen. Eta lortu baita ere, Jaenen 2-3 irabazi eta gero, azken unean. Hurrengo pausua mailan egonkortzea izan zen. Eta azkenean, hirugarren urtean, taldea Lehen Mailara begiratzen hasi zen Bordalasen eskutik. Numantziaren partida (2-0) eta gero, Alavesek bere itzulera urrezko mailara baieztatu zuen 10 urteren ostean.

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide