Ostegunean Museoen Eguna ospatuko dute

Erredakzioa 2017ko mai. 17a, 12:40

Arabako museoen arduradunek prestatu duten egitaraua aurkeztu dute Diputazioan.

Lantegiak, antzerkia, dantza, bisita interaktiboak edo berregite historikoak antolatu dituzte maiatzaren 18aren inguruan.

Maiatzaren 18an Museoen Nazioarteko Eguna da; hori dela eta, Aldundiak hainbat jarduera antolatu ditu, Artiumen eta foru sareko bestelako museoetan. 

Museoen garrantzia erakustea da egun honen helburua; hots, "jendeari ikustaraztea museoak zein baliabide garrantzitsu diren kultura trukaketarako, kulturak aberasteko, elkar aditzean aurrera egiteko, lankidetzarako, eta herrien arteko bakerako", nabarmendu du Kultura diputatu Igone Martinez de Lunak.

Horretarako, eta, urtero bezala, hainbat jarduera antolatu dituzte maiatzaren 18aren inguruan, goiburu nagusi batekin: Museo eta istorio eztabaidagarriak: esanezina esatea museoetan. Lantegiak, antzerkia, dantza, bisita interaktiboak edo berregite historikoak dira museoen foru sarean eta Artiumen dagoeneko dauden proposamenetariko batzuk, Museoen Nazioarteko Egunaren egitarauan.

Bisita gehiago, doakotasunari esker

Museoen Egunaren egitaraua auzkezteaz gain, museoen doakotasunera itzuli den lehen urteari buruzko balantzea egin dute Arabako museoen arduradunek. "Emaitzak benetan pozgarriak dira", esan du Martinez de Lunak. 2016ko maiatzetik 2017ko apirilera, 36.000 bisita gehiago egon dira aurreko urtean data horietan egon zirenak baino. 2015ean 67.700 bisitari izan ziren, eta 2016an, 93.000. "Aurten, 2017an, 31.600 bisitari izan ditugu dagoeneko, eta horrek pentsarazten digu joera horrek jarraitzen badu iazko kopuruak lasai gaindituko ditugula”, erantsi du diputatuak.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago