Milaka lagun elkartu ziren larunbatean Gasteizen, Sare mugimenduak deituta, gaitz larriak dituzten presoen askatatasuna eskatzeko. Manifestazioa Larriki gaixorik dauden euskal presoak etxera lelotzat hartuta abiatu zen Iparralde gizarte etxetik, 17:30ean. Hiriko erdigunea zeharkatu eta ekitaldia egin zuten Foru plazan. Azken asteotan eragile ugarik egin dute bat manifestazioarekin, eta ugaritu egin dira presoen eskubideen aldeko mezuak. Azkena, Patxi Lazkoz Gasteizko alkate ohiarena (PSE).
"Larriki gaixo dauden presoak berehala askatu behar dira, baina ez hil daitezen, askatasunik gabeko urte horietan galdutako osasuna berreskura dezaten baizik", azpimarratu zuten Xabier Euzkitzek eta Estitxu Garaik, ekitaldian irakurri duten mezuan.