Gasteizko Instrukzio Auzitegiko epaileak uste du "frogatutzat" dagoela Iruña-Veleiako arduradunek piezak faltsutu zituztela “apartekoak” balira bezala aurkezteko, eta hamar egun eman dizkio fiskaltzari, ahozko epaiketa nahi duen edo kausa artxibatu nahi duen eskatzeko. Espainiako Ondare Kulturalaren Institutuak eta Kultur Ondarea zaintzeko Kontserbazio Goi Eskolak "egiaztatu" dute pieza horiek ez zirela benetakoak.
Eliseo Gil indusketaren zuzendaria auzipetuta dago bertan lan egin zuten beste batzuekin batera –Ruben Cerdan eta Oscar Escribano–, "iruzur jarraitua eta ondare publikoa kaltetzea" egotzita. Hain zuzen, 2005 eta 2006 artean Araban aurkitu zituzten kristo aurreko III. mendeko erromatarren arrastoak faltsutzea egozten diete.
Gilek garai hartan esan zuen "aparteko" 400dik gora pieza aurkitu zituztela euskarazko eta latinezko idatziekin, eta hankaz gora jarri zituen euskararen jatorriaren eta kristautasunaren iritsieraren inguruko teoriak.
Susana Junquera epaileak uste du indusketaren zuzendaria eta gainerako auzipetuak ados jarri zirela piezetan euskaraz idatziak eginda "etekin ekonomikoa eta prestigio profesionala" lortzeko. Autoan agertzen denez, erromatar garaiko arrasto horietan egindako kaltea 600 euro ingurukoa zen pieza bakoitzean.