Azala sorkuntzarako guneak Gure Artea saria irabazi du

Erredakzioa 2017ko mai. 3a, 11:34

Idoia Zabaleta koreografoa Azala ekimenaren sortzaileetako bat da.

Arte eszenikoen alorrean artistei eskaintzen dizkien aukerak nabarmendu ditu epaimahaiak. Datozen egunotan X. Proklamaren egitaraua eskainiko du Gasteizen.

 

Gasteiztik 30 kilometrora, Lasierra herrian kokatzen den Azala proiektuak 2017ko Gure Arteasaria irabazi du, ikusizko arteen arloan egindako lana aitortzen duen modalitatean. "Azken urteetan, arte testuinguruarentzako erreferente bat izan da Azala", azaldu du Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak banatzen dituen sarien epaimahaiak. 2008.urtean Idoia Zabaleta koreografoak abian jarri zuen egitasmoak arte eszenikoak eta dantza lantzen  ditu bereziki, baina artearen beste arlo batzuetara zabalduz. Geroztik, bertako zein nazioarteko artistek egonaldiak egiteko, ikasteko, partekatzeko eta esperimentatzeko tokia topatu dute Azalan. Izan ere, guneak sortzaileei eskaintzen dizkien aukerak nabarmendu ditu epaimahaiak. "Leku irekia da, bertan sortze-lanaren edozein fase bizkortu daiteke elkarlanean, partekatu egiten dira artegile guztien sorrera edo ikerketa-prozesuak, eta etengabeko prestakuntzari ere heltzen zaio". 

Aurtengo edizioan emakumeak eta emakumeek gidatutako proiektuak saritu dituzte. Azalarekin batera, Maria Luisa Fernandez artistak ibilbideari dagokion Gure Artea saria jaso du. Alaitz Arenazak eta Maria Ibarretxek osatzen duten Sra. Polaroiska kolektiboari, aldiz, sorkuntza-lana aitortu zaio. Bakoitzak 18.000 euro jasoko du.

X. Proklama jaialdia

Datozen egunotan Azalaren proposamenetariko bat ikusteko aukera izango da, oraingoan, Gasteizen. Hamargarrenez arte bizien Proklama jaialdia antolatu du, Artiumekin elkarlanean. Besteak beste, dantza ikuskizunak, hitzaldiak eta ikastaroak egingo dituzte maiatzaren 11an eta 12an, Artiumen eta Arte Ederren museoan.

 

Egitaraua

Envoltura

Solo pieza zenbaiten aurkezpena: Isabel de Naverán, Idoia Zabaleta, Leonor Leal, Bobote eta Pedro G. Romero

Arte Ederren Museoa (Vitoria-Gasteiz), sartzea gonbidapenaz

Maiatzaren 11n, 19:00etan (Toki mugatua. Gonbidapenak Arte Ederren Museoan eskura daitezke, maiatzaren 11n bertan, 18:00etatik aurrera)

 

Historia(k)

Dokumentalaren proiekzioa eta Olga de Sotok gidaturiko mintegia

Artium, Plaza aretoa, sarrera doan

Maiatzaren 12an, 10:00etatik 14:00etara

Argibideak eta izen-ematea: proklamar@gmail.com (toki mugatua

 

Oihana. Txara gizakiak zelatan

Pedro G. Romero-ren hitzaldia

Artium, Emanaldi-aretoa, sarrera doan

Maiatzaren 12an, 18:00etan

 

BOCA DE FIERRO (burdina-ahoa)

Arte ekintza: Marcela Levi & Lucía Russo, Improvável Produções

Artium, Ekialde-Goikoa aretoa, sarrera doan

Maiatzaren 12an, 20:30ean

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago