Maiatzean poesia izango da nagusi Arabako zenbait herritan. Maiatzaren 2an hasiko da Nazioarteko Poesia Jaialdiaren bosgarren edizioa, eta 60 poesia-ekitalditik gora eskainiko ditu Araban, besteak beste, Gasteizen, Oionen, Burgelun eta Gopegin. Maiatzaren 27ra bitartean luzatuko den egitarauak 60 jarduera baino gehiago eskainiko ditu, eta poesia pertsona orori hurbiltzea izango du helburu.
Jaialdiari hasiera emateko, Poesía enredada en la escultura del Caminante ekitaldia aurkeztuko dute hilaren 2an, Gasteizko Arka plazan. Hurrengo egunean, Vital Fundazioa Aretoan Vital Poesia lehiaketaren sari-banaketa ekitaldia izango da.
Lauaxetari omenaldia
Maiatzaren 5ean, esaterako, Lauaxetari omenaldia eskainiko dio jaialdiak, Karmengo komentuko klaustroan, atxilotua egon zen leku berean, hain zuzen ere. Bertaratzen direnek haren bizitza eta olerkiak Bernardo Atxaga, Xabier Galarraga, Pako Eizagirre, Zuriñe Iarritu, Jon Kortabarria, Jose Ramon Arbe eta Elisa Ruedaren ahotsetan entzuteko aukera izango dute. Maiatzaren 10ean, berriz, Antton Valverdek Lauaxeta gogoan kontzertua eskainiko du Oihaneder Euskararen Etxean.
Arabako zenbait herritan
Horrez gain, beste hainbat jarduera osagarri ditu egitarauak, esaterako, deklamazioak, mahai-inguruak, editore eta idazleen nahiz egile eta irakurleen arteko topaketak, umeentzako poema antzeztuen errezitaldiak, ibilbide poetikoak hiriko kaleetatik edo poesia tranbian, besteak beste. Ekimenak egongo dira saltokietan, ostalaritza lokaletan, hainbat liburu-dendatan, Goiuri Jauregian, Oihaneder Euskararen Etxean, Erdi Aroko Hiriguneko Enpresa Zentroan, EHUko Letretako Fakultatean, Ignacio Aldecoa Kultura Etxean, Andre Maria Katedralean, Karmeldarren Komentuan, Brigidas baratzean, San Martin baselizan, Farolen Museoan, Ramón Bajo ikastetxean, Escoriaza-Esquibel Jauregian, Artium museoan, Europa Biltzar Jauregian, harresian eta Felix Petite Antzokian.
Hiritik kanpo hainbat tokitan gozatuko dute poesia, hala nola, Gopegi, Gesaltza Añana, Guardia, Araia, Oion, Amurrio, Maeztu eta Burgelu herrietan eta Arabako Parke Teknologikoan.
Poetak Maiatzean 2017 egitaraua