Oier Gomezi zigorra etetea erabaki du Frantziak

Erredakzioa 2017ko api. 24a, 13:34

Milaka pertsona elkartu ziren Gasteizen, Oier Gomezen askatasuna eskatzeko./ Irudia: Hala Bedi

Asteazkenean preso gasteiztarraren kontrako hiru euroaginduri buruz erabakiko dute Espainiako eta Portugaleko Auzitegiek.

Frantziako auzitegiek Oier Gomez presoaren zigorra etetea onartu dute gaur, gasteiztarraren gaixotasun larria dela eta. Hala ere, Oierrek preso jarraituko du asteazkenera arte, izan ere, egun horretan hiru euroaginduen inguruko ebazpena egingo dute Espainiako eta Portugaleko Auzitegiek. 

Sare eta OiertxoSOS plataforma pozik agertu dira erabakiarekin. Oierren zigorraren etenaldia "presio sozialari esker" eman dela adierazi du Sarek, ohar baten bidez. Hori dela eta, mobilizazioekin jarraituko dute datozen egunetan. Gaur, esaterako, elkarretaratzea deitu dute, 19:00etan, Andre Maria Zuriaren plazan. 

Asteazkenerako, berriz, Oier Etxera gunea prestatu du Sarek, Urrezko Zeledoien plazan. Bertan, elkarretaratze iraunkorra izango da, 12:00etatik 20:00ak arte. 12:30etan elkarretaratzea egingo dute eta arratsaldeko 19:00etatik aurrera, euroaginduen ebazpenaren jarraipena egingo dute karpatik.

Era berean, manifestazio nazionala deitu dute maiatzaren 6rako, larriki gaixo dauden preso guztien askatasuna eskatzeko. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago