Apirilaren 24 astelehenean Gasteizko Principal antzokian emango duen kontzertuan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Bixente Goikoetxea (Aramaio, 1854-Valladolid, 1916) konpositorea ekarriko du gogora. Jose Ramon Encinar maisuaren zuzendaritzapean, Orkestrak Gasteiz Abesbatza izango du lagun Goikoetxearen lanak interpretatzeko. Gasteizko abesbatza espreski sortua da ekimen honetarako eta arabar abesbatzetako, hots, Araba Abesbatzako, Suessatio Taldeko, Samaniego abesbatzako eta Luis Aramburu Udal Musika Eskolako Abesbatzako hirurogeita hamar kidek osatzen dute; zuzendariak dira Aitor Saez de Cortazar, Carmen Moina eta Nagore Alangua.
Principalen (20:00etan) izango den kontzertuak Aldundiaren babesa du. Kultura Foru Diputatu Igone Martínez de Lunak aukera baliatu du Euskadiko Orkestra Sinfonikoari bere esker ona adierazteko “Bixente Goikoetxea artista handiari merezitako omenaldia egiteagatik eta baita Gasteiz Abesbatzaren esku hartzeagatik, kutsu erabat arabarra emango baitio horrek kontzertu berezi honi”. Kontzerturako sarrerak agortuta daude. Emanaldi honek irekiko du Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren 16/17 Abonu Denboraldiko 7. programa; Gasteizko kontzertuaz gain, berau osatuko dute apirilaren 25ean Iruñean, 26an Bilbon eta 27 eta 28an Donostian izango diren kontzertuek.