Baigorriko 'Etxauzia' proiektua aurkeztuko dute Oihanederren

Erredakzioa 2017ko api. 10a, 12:23
Etxauzia Gaztelua Baigorrin kokatuta dago.

Aurkezpenarekin batera, 1936. urtean 3Dn ekoitzitako Euskadi dokumentala proiektatuko dute.

Asteartean Baigorrin kokatzen den Etxauzia, Nafartarren Etxea proiektua aurkeztuko dute Oihaneder Euskararen Etxean. Etxauzia egitasmoa izen bereko gaztelua erosi eta bertan Nafartarren Etxea egiteko asmoa duten 215 kidek osatzen dute egun. Euskaldun bat Euro bat kanpaina abian jarri ostean 2.500 sostengatzaile lortu dituzte: sortzaileak, elkarteak, enpresariak eta instituzioak, tartean Euskal Herriko ezagun asko. Etxauziaren komunitatea zabaltzeko asmoz, proiektua herri desberdinetan aurkezten ari dira.

Ekimenaren helburua gaztelua erostea bada ere, ez da xede bakarra, izan ere, ekonomia, kultura eta ondarea ardatz dituen proiektua da, partehartzean, elkarlanean, eta ekimen kolektiboan oinarritua. Hala, Etxauzia lantegien elkartea izatea nahi dute: eskualdearen eta inguruaren garapena dute xede, enpresen arteko elkarlanaren eta elkartasunaren bidez.  Azken bi urteetan 100.000 euro iortu dituzte, gazteluaren prezioa, ordea, hiru milioi eurokoa zen hasieran, baina egun 1.500.000 euro balio du. 

Euskadi dokumentala ikusgai

Astearteko aurkezpenarekin batera, Euskadi dokumentala (René Le Henaff, 1936) ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek, 1936. urtean 3Dn ekoitzitako lana.

1935ean, Louis Lumière-k bere azken asmakizun handia aurkeztu zuen: Cinéma en rélief edo erliebedun filmak sortzeko teknika. Zinematografoaren aita ordea, bere garaia baino aurreratuago zegoen, eta asmakuntza berriak ez zuen arrakastarik izan. 3 D zinema esperimentu bitxi gisa geratu zen, sasoi hobeen esperoan. Lumièreren sistemarekin ekoitzitako film urrietako bat, gure lurretan filmatu zen. Erliebearen potentzialitatea esplotatzeko, Ipar Euskal Herriko paisaia eta kultura egokiak zirelakoan sortu zen Euskadi dokumentala, René Le Henaff zinegile gazteak zuzendua, 1936an.

80 urtez kaxoi batean ahaztua egon ostean, Josu Martinez kazetaria, irakaslea, zinegilea eta UPV/EHUko ikerlariak aurkitu zuen. Orain lehen aldiz egongo da ikusgai Euskal Herrian. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide