Liliana Porterren atzera begirako erakusketa Artiumen 15 urteak ospatzeko

Erredakzioa 2017ko api. 7a, 13:00

Liliana Porter artista argentinarraren lana abuztura arte izango da museoan.

Museoak berritu dituen aretoak zabalduko ditu, bestea beste, artista argentinarraren erakusketa honekin.

15 urte bete dituela ,eta zorua konpondu ostean zenbait areto berriz zabalduko dituela ospatzeko, Artium museoak Liliana Porter artista argentinarraren atzera begirako erakusketa inauguratuko du. Izan ere, Estrella De Diego komisarioak Elkarrizketa eta desobedientziak erakusketa antolatu du, eta bertan 1969 eta 2016 bitarteko ehun bat artelan biltzen ditu, bilduma publiko zein pribatuetakoak; tartean, bideoak, instalazioak, argazkiak, marrazkiak eta margolanak.  

Erakusketak Liliana Porterren atzera begirako erakusketa bat izan nahi du, artistaren garapenaren ikuspegi oso bat emango duena, eta agerian utziko du nola artista bere eskala-jokoekin, ustekabeko konbinazioekin, munduaren ikuspegi ironikoarekin… unibertso paralelo bat eraikitzeko gai den, non lerroak hausten diren, elkarrizketek gainezka egiten duten, proportzioak zapuzten diren eta gauzak inoiz ez diren diruditena. 

Erakusketa honek hiru atal ditu, artistaren lanaren funtsezko ildoak laburbiltzen dituztenak: Urradurak eta atazak, lehendabiziko paper zimurtuzko instalazioekin hasi eta eta Trabajos forzados izeneko seriearekin jarraitzen duena.  Bigarrenik, Ibilbidea eta lerroa, artistaren lerroekiko lilura jasotzen duena, joan-etorrietarako eremu direlako eta espazioari eta errealitateari gainezka eginarazten dielako. Azkenik, Eraldatzeak eta bikoitzak, non pertsonaiek elkarrekin hitz egiten duten, bikoizten diren eta elkarri erantzuten dioten.

Liliana Porter artista argentinarra gaur egungo sortzaile buruargi eta originalenetako bat da, haren lanak nazioarteko museo ospetsuenetan daude eta aurtengo Veneziako Biurtekoan parte hartzera gonbidatu dute. Espazioaren iraultzeekin, ezusteko elkarrizketekin eta proportzioak hankaz gora jartzearekin jolastuz, 1970eko hamarralditik hona berezko unibertso bat sortuz joan da, eta finkatutakoa berrikusteko proposamen sendo eta liluragarriak asmatu ditu.  

Inaugurazio-ekitaldia gaur izango da, 20:00etan, Artium museoan. Aurretik, 19:00etan, Liliana Porter artistak eta Estrella de Diego komisarioak hitzaldia eskainiko dute.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago