Gerriko bat agertu zen lehenik, eta haren azpian ziurrenik 1936ko amaiera aldera hil zuten gudari baten gorpuzkinak. Aranzadi zientzia elkarteko prospekzio taldeak aurkitu zuen gerrikoaren belarria Albertia mendiko Txabolapea ingurunean (Legutio) duela hilabete batzuk, metal detektagailu baten bitartez, eta joan den martxoaren 25ean utzi zituzten agerian hezurrak. Historiaren atal hori beste 80 urtez ezkutuan gera ez dadin, 2002az geroztik, gerran desagertutako pertsonak bilatzeko lanetan dabil Jaurlaritza, memoria historikoa lantzen duten taldeekin batera; guztira, 86 gorpuzkin atera dituzte lurpetik azken urteetan, horietatik hiru aurten.
Saihets-hezur batzuk, lepauztai bat eta sorbaldako hezur bat. Horiexek topatu dituzte azkenak Txabolapeako bide bazter batean. "Ziurrenik bere momentuan gorputza osorik zegoen, baina bidearen albo batean izan da eta hondatzen joan da, nahiko azalean zegoelako lurperatuta", azaldu du Lourdes Herrastik, Legutioko hobian lanean izan den Aranzadi elkarteko arduradunak. Hezurrekin batera, larruzko kartutxo zorro ugari ere topatu dituzte, nor izan zitekeen hipotesia osatzeko garrantzitsuak: "Txekiarra da munizioa eta, beraz, pentsa dezakegu Errepublikaren aldeko miliziano bat izan zela; baina, tentuz ibili behar dugu hipotesi horiekin, euren artean munizioa ere lapurtzen zutelako, edo hildakoenak aprobetxatu". Duela hiru urte topatu zituzten mendi magal berean beste gorpuzkin batzuk eta, haren antzera, oraingoa identifikatzea ere "oso zaila" izango dela aitortu du, nahiz eta saiakera egingo duten: "Pertsonaren bat gerturatu zaigu esanez bere senitarteko batzuk justu inguru horretan desagertu zirela, saiakera egingo dugu eta zortea baldin badugu asmatuko dugu, baina aurretik ezin dugu halakorik pentsatu". Laborategian hezurren DNA eskuratu ostean, eurak izaten dira senitartekoengana jotzen dutenak, pista baten atzetik. "Kasu honetan ez dugu inolako zantzurik, eta guregana heldu diren pertsonekin alderatuko dugu".
Irakurri erreportaje osoa ALEA aldizkariaren 101. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.