Hala Bedi irratiak harpidetza kanpaina jarri du abian, Tortillari buelta ematera goaz lelopean. Helburua 666 bazkidetik 999ra jauzia ematea da. Horren berri emateko larunbatean elkartu ziren egitasmoaren kideak. "Tortillari buelta eman eta Arabako jendarte osoaren babesarekin 999 halabelarri izatera heldu nahi dugu, Hala Bediren proiektu komunikatiboa posible egiteko", azaldu zuten.
2018. urtean 35 urte beteko ditu Hala Bedik, eta ordurako "inoiz baino indartsuago nahi dugu proiektua, orain arte egindako bidean sakonduz". Hori lortzeko, Arabako jendarte osoari Hala Bediren proiektuaren parte izateko gonbidapena luzatu diote, bakoitzaren ahalmenaren arabera (5€/hileko minimotik abiatuta) edo halabelarri gehiago lortzen lagunduz. Horretarako, modu ezberdinak eskaintzen dituzte: webgunearen bitartez, Hala Bedi Tabernan edo irratian bertan.