Hegoaldeko aretoan leku batetik bestera doa plataforma altxagarria, atzera egitean txistua egiten duen soinu automatikoaren burrunbaz lagundurik. Inguruetan, mota guztietako lanabesak daude, baina artelanen arrastorik ez dago. Horiek ondo gordeta daude. Izan ere, eraberritze lanetan bete-betean dago egunotan Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoa, bertako bi erakusketa areto nagusien zorua berritzen ari direlako, baina ate guztiak laster irekitzekotan daude.
Presaka dabiltza. Datorren apirilaren 26an hamabost urte beteko ditu museoak, eta egun horretarako denak prest egon behar du. Urteurrena ospatzeko, museoaren bilduman dauden artelanik esanguratsuenak erakutsiko dituzte, baina, ere berean, Artearen sistemak izeneko erakusketa berezia egingo dute. Horren bitartez, artearen mundua inguratzen duen lana lau haizetara zabaldu nahi dute, arte munduaren barrukiak erakutsiz. Besteak beste, artelanen erostea eta horien balore handitzea, zaintza, zaharberritzea edota katalogazioa nola egiten den erakutsi nahi dute. "Ahalik eta didaktikoen" izaten saiatuko direla agindu du Artiumeko eledun Anton Bilbaok.
Kultura garaikidearen isla
Astelehena da eta, beraz, museoaren ateak itxita daude, baina mugimendu handia dago bere barruan. Beharginez gain, artearen inguruko ikertzaileak liburu artean ari dira lanean, norbera bere ikerketa lerroan murgilduta. "Artea baino harago doan liburutegia da, kultura garaikidearen inguruko bilduma garrantzitsua dugu: zinema, arkitektura, komikiak... batez ere ikertzaileei zuzenduta dago, baina sarrera publikoa da", nabarmendu du Bilbaok. Dokumentazio zentroaren alboan dagoen areto txiki batean erakusketa bat izan ohi da. Oraingoa, komikia eta zientziari buruzkoa, hain zuzen.
Irakurri erreportaje osoa ALEA aldizkariaren 99. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.