alea.eus

Ura zaintzea zure esku dago

Medicusmundi Araba 2017-03-20 16:13   Iritzia

Martxoaren 22an ospatuko da Uraren Mundu Eguna. 

Bazenekien galtza bakero batzuk ekoizteko, batez beste, 8.000-10.000 litro ur behar direla?, txahal-txuleta goxo bat jan ahal izateko, guztira 7.000 litro erabiltzen direla?

Bazenuen ideiarik 5 minutuko dutxa batean ur gehiago gastatzen dugula, Afrikako edozein hiritako auzo pobre bateko pertsona batek egun osoan kontsumitzen duena baino? Eta Nairobin pertsona batek 10 aldiz gehiago ordaintzen duela uraren truke, New Yorkeko auzo aberats bateko biztanle batek baino?

Munduan badira 663 milioi pertsona edateko urik eskuragarri ez dutenak, eta 1.400 haur inguru hiltzen dira egunero prebenitzeko moduko gaixotasun diarreikoengatik, urik eta saneamendurik ez edukitzeari loturik. Bitartean, Ameriketako Estatu Batuetako etxe batean sartzen den uretik, % 95 hustubidetik isurtzen da.

Horra hor gure planetan, uraren erabilerari eta banaketari dagokienez, dauden desberdintasunekin loturiko datu asaldagarrietako batzuk. Datu horiek, hain zuzen ere, agerian uzten dute nola gizarte neoliberal eta globalizatuak egunero milioika litro ur xahutzen eta kutsatzen dituen, nagusitutako kontsumismoari erantzuteko eta pertsona eta herri aberats eta ahaltsuenen beharrizan eta desirak betetzeko xedez.

Bitartean, herrialde pobretuetako herritarrek pairatzen dituzte ur-gabeziaren eta uraren kutsaduraren ondorioak, gehien-gehienak landa-eremuko eta hiri-bazterreko biztanleak direlarik. 

Zenbaki eta estatistiken atzean badira milioika pertsona, izen-deiturak eta istorio propioak dituztenak eta, ondasun natural bakar eta ordezkaezin hori ez edukitzean, beren familia eta herrien garatze-aukerak zapuztuta ikusten dituztenak.

Gure planeta urdineko uraren mundu-erreserbak murriztu egiten dira, industrializazioa eta urbanizazio lasterra hedatu ahala zein biztanleria handitu ahala. Bizitzarako hain beharrezkoa den baliabide horren eskuragarritasunik ez edukitzeak ondorio txar eta zuzenak dakartza pertsonek bizitzan zehar izango dituzten ongizate, osasun eta aukeretarako. Gabezia horrek neskato eta emakumeei bereziki eragiten die. Beraiengan erortzen da nagusiki etxe-kontsumorako ur-bilketaren zama, eta zama astun horrek, askotan, neskak eskolara joatea eragozten du. Ikastetxeetan saneamendu egoki eta segururik ez egoteak eragiten du, gainera, urtero milioika neskak ikasketak utz ditzaten. Hala eta guztiz ere, emakumeek uraren eta saneamenduaren inguruko erabakiak hartzetik baztertzen dira, eta, ondorioz, haien zirkunstantzia eta beharrizan bereziak ez dira aintzat hartzen.

2010. urtean, Nazio Batuen Batzar Nagusiak ur garbi eta edangarria eta saneamendua izateko eskubide unibertsala onartu zuen, ebazpen baten bidez, non nabarmendu zuen bi elementu horiek erabiltzeko aukera “funtsezkoa” dela gainerako giza eskubideak gauza daitezen. Giza eskubide hori berariaz jasota dago, orobat, Garapen Jasangarriko Helburuetatik seigarrenean; helburu horretan, hain zuzen, 2030. urterako uraren eskuragarritasuna eta kudeaketa zein saneamendua bermatu nahi dira guztientzat.

Nazio Batuek, Unicef-ek eta hainbat erakunde anbientalista eta ekologistak 2015ean eginiko txosten eta azterlan ugariren ondorioa da ur-eskasia dagoela kontinente guztietan, gizakien jarduera dela bide, bereziki: baliabidearen erabilera irrazionala; ibai-arroen deforestazioa; eta klima-aldaketa. Kalkulatzen denez, 2050ean, herrialde pobretuetako ur-eskaria % 55 handituko da. Horrek herrialdeen artean gatazkak gertatzeko arriskua areagotuko du.

Horregatik, aurten Uraren Mundu Eguna goiburu honekin ospatzen da: Zergatik alferrik galdu ura? Eslogan horren bidez, kanpainak hondakin-urak murritz eta berrerabil daitezen lortu nahi du. Hondakin-ur horiek era egokian tratatu eta kudeatuko balira, hirietako gero eta eskari handiagoari erantzuteko, nekazaritza jasangarriari laguntzeko, energia- zein elikagai-ekoizpena hobetzeko eta industriaren garapenerako erabil litezke.

Erronkak zenbatezinak dira; lorrezinak, baldin baliabideak dituzten Estatuek eta nazioarteko erakundeek ez badizkiete ematen finantza-baliabide gehiago, gaikuntza handiagoa, eta teknologia behar handieneko herrialde eta eskualdeei.

Uraren kudeaketa publikoa izan dadin aldeztu behar da, bai eta uraren administratzaileek ur-baliabideen kudeaketa jasangarriaren alde lan egin dezaten ere, naturaren –batetik– eta pertsonen eta komunitateen beharrizanen –bestetik– arteko orekarik onena lortzea gogoan izanda betiere. Halaber, ezinbestekoa da pertsonek ere –gutako bakoitzak– dagokien ardura beren gain hartzea eta kontsumo-ohiturak aldatzea, bizitzarako funtsezkoa den baliabide honen erabilera eraginkor bat lortzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa