alea.eus

1001 mundu bizitzeko parada

Juanma Gallego 2017-03-24 13:24   Kultura

Astelehenean abiatu da 'Irakurri, gozatu eta oparitu' ekimenaren aurtengo edizioa. Euskaltzaleen Topaguneak sustatutako programaren bitartez, euskarazko liburuak erosteko deskontuak eskuratu ahal izango dira.

Aurtengo hitzordua aurreratu da. Izan ere, martxoaren 20tik maiatzaren 31ra egongo da Irakurri, gozatu eta oparitu ekimenean parte hartzeko aukera. Aurtengoa 11. edizioa izango da, eta aukeratutako leloari jarraiki, 1001 mundu topatzeko aukera izango dute ekimenera hurbiltzen diren adin guztietako irakurleek.

Aurreko edizioen filosofia mantenduz, hiru pauso baino ez dira behar esperientziaz gozatzeko. Herriko edo auzoko liburutegira hurbiltzea da lehena, bertan liburu bat maileguan hartzeko. Liburua eskuetan izanda, bertan azaltzen diren istorio eta pasadizoak gozatzeko aukera izango du irakurleak. Ondoren, ez ahaztu, liburutegira bueltatu behar da liburua. Bertan fitxa bat eskatu ahal izango du irakurleak, liburuaren inguruan bere iritzia eman ahal izateko.

Horren bueltan, liburuzainak erosketa-txekea emango dio irakurleari. Txekearen bitartez, hitzartutako liburutegian %35eko deskontuarekin beste liburu bat erosteko aukera izango du parte-hartzaileak. Azken pausua, liburudendan eskuratutako liburu berria gozatzea izango da. Norberaren esku egongo da liburu hori beste norbaiti ematea edo, norberaren buruari oparitzea.

Horrez gain, hileko parte-hartzaileen artean 30 euroko erosketa-txekea zozketatuko dute. Euskaltzaleen Topaguneak hainbat euskaltzaleen elkarte, udal, liburutegi eta liburudendaren laguntzaz antolatutako egitasmoak euskarazko literatura, irakurzaletasuna eta liburutegi publikoen erabilera bultzatu nahi ditu.

Parte-hartzaileak

Hitzartutako liburudendei dagokionez, hauek dira Araban parte hartuko dutenak: Anegon, Aranbide, Arlekin, Ayala, Casa del Libro, Elkar, Jakintza, Mara-Mara, H. Mendi, Saga eta Zuloa.

Beste alde batetik, Gasteizko udal liburutegiek eta herri hauetako liburutegiek parte hartuko dute ekimenean: Agurain, Asparrena, Barrundia eta Dulantzi (Lautada); Kanpezu, Maeztu eta Urizaharra (Mendialdean); Legutio, Urkabustaiz, Zigoitia eta Zuia (Gorbeialdean).

Iaz bezala, 50 bat tituluz osatutako liburu zerrenda osatu dute antolatzaileek. Nabarmendu behar da, ordea, iradokizunak baino ez direla. Izan ere, eta antolatzaileek azpimarratu dutenez, "euskarazko literatura oso bat dago" irakurleen zain.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa