Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak dio:“Pertsona guztiek dute hezkuntza publiko, euskaldun, plural, laiko eta doakoa eskuratzeko eskubidea, aniztasuna integratuko duena eta berdinzalea izango dena generoaren ikuspuntutik (hezkidetza), ikuspegi kritikoa eta elkartasun internazionalista sustatuko dituena, hezkuntzaren etapa guztietan, bai derrigorrezkoetan eta bai derrigorrezkoak ez direnetan. Hezkuntza sistema propioa izango da eta euskal curriculum deritzana garatuko du. Zeharkako eran, hezkuntza emozionala ere hartuko du barne eta pertsonen jarduera kritiko eta sortzaileak bultzatuko ditu. Euskararen ezagutza eta erabilera bermatu behar zaizkie ikasle guztiei. Euskalduntzerako eskubidea bizitza osoko eskubide bat da".
Azken urteotan, Gasteizko gobernuak ezarritako murrizketa eta hezkuntza inbertsio eskasek kontrako norantzan kokatu gaituzte. Ondorioz, behar dugun hezkuntza sistemaren bidean eman beharreko urratsen egoera oro har, eta 0-3 zikloan modu berezian, larria da.
Haurreskolak Partzuergoa Eusko Jaurlaritza eta udalen arteko hitzarmenetik jaio zen, orain dela hamabi urte. 0-3 zikloaren aitortza politikoa premiazkoa iruditzen zaigu, eta hezkuntza eskubide unibertsala den heinean, Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna eta Haurreskolen hedapenarekin jarraitzea eskatzen dugu.
Proposatzen dugun hezkuntza sistema berri horren bidean nahitaezkoa da hezkuntza publikoan, eta gurera bagatoz, Haurreskolak Partzuergoan negoziazio kolektibo eskubidea berreskuratu eta lan-baldintzak nabarmen hobetzea. Azken urteetako murrizketen ondorioei aurre egitekoneurri zehatzak ezartzea exijitzen dizkiegu Eusko Jaurlaritza eta Haurreskolak Partzuergoari, besteak beste, Haurreskolak Partzuergoko langileen behin-behinekotasun tasa jaistea. Kudeaketako langileen behin-behinekotasun tasa %100ekoa da eta hezitzaileena aldakorra izanik, %36ra heltzen baita. Era berean, Kudeaketako langile gehiago behar ditugu, eta geletako ratioak egokitu behar dira. Landa eremuko haurreskola txikiak babestu behar dira, ezin da hezitzaile bat bakarrik egon bostgarren haurra matrikulatu arte. Gainontzeko biztanlei bezala, zortzi orduko zerbitzua eskaini behar zaie, ez zazpi, hirugarren mailako biztanleak bailira.
Ordezkapenak lehen egunetik betetzea eta bajak bere osotasunean ordaintzea beharrezkoa iruditzen zaigu, gaixotzen diren langileak zigortzeari utziz.
Halaber, Haurreskoletako langileen eroste ahalmena berreskuratu eta erretiroa erraztu eta laguntzeko neurriak berreskuratu behar dira.
Balizko Hezkuntza Legeen aurrean langileon ordezkariok zer esana badugu, hezkuntza eragile garen aldetik. Honen inguruan beharrezko ikusten dugu herri hausnarketa ariketa bat egitea herri mailako eragile guztien parte-hartzea bermatuz.
Hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera uztea eskatzen dugu, egungo desorekak gaindituz hezkuntza garapen pertsonal eta sozial integralerako tresna izan dadin, kohesio soziala eta integrazioa bultzatuz, aniztasuna, berdintasuna eta hezkidetza oinarri.
LAB, Steilas eta ELA sindikatuoi egungo egoera guztiz onartezina egiten zaigu. Hori dela eta, Haurreskolak Partzuergoko sindikatuok gainerako hezkuntza eta gizarte eragileekin elkarlanean mobilizazio fase bat garatu nahi dugu, Gasteizko gobernuari orain arteko politikak alde batera utzi eta aurrez adierazitako puntuak ardatz izango dituen hezkuntza politika gara dezaten eskatzeko.
Haurreskolak Partzuergoan ere martxoaren 22an greba deitzen dugu, eta, gobernuak adierazitako bidean pausorik ematen ez badu, hurrengo hilabeteetan greba eta mobilizazio dinamika areagotuko dugu.
*Lorea Igartua (LABeko ordezkaria), Sonia Perez (Steilaseko ordezkaria), eta Esther Bravo (ELAko ordezkaria).