"Lenca hilzorian dago aspaldi, baina aurrerapausoak izan dira"

Anakoz Amenabar 2017ko mar. 12a, 13:00

Alan R. King hizkuntzalaria. / A.K

Hainbat lagunek lenca hizkuntza berpizteko ahalegina egin dute El Salvador eta Hondurasen, eta hango esperientzia kontatuko du Alan King hizkuntzalariak Oihaneder Euskararen Etxean, hilaren 15ean. 

Lenca hizkuntza berpiztu eta berreraikitzen ari da Alan King (Lancashire, Ingalaterra, 1954) hizkuntzalari eta itzultzailea. Nawat hizkuntzarekin aurretik egin moduan, Erdialdeko Amerikako hizkuntza gutxitu horrekin egindako azterlanak izango ditu solasgai asteazkeneko Hitz Adina Mintzo saioan. 

Lenca hiztunik ba al dago gaur egun?

El Salvadorren antzina bi hizkuntza nagusi mintzatzen ziren: nawata mendebaldean eta lenca ekialdean. Hondurasen ere hizkuntza ezberdinak zeuden, handiena lenca. Beraz, garai batean lenca herria nahiko hedatua zegoen egungo bi estatuetan zehar, baina hogeigarren mendera arte baizik ez zuten bizirik iraun. Geroztik inork ez daki lencaz mintzatzen. Ez zen inoiz idatzi, baina aspaldiko dokumentu zahar batzuetan jasota daude zenbait hitz-zerrenda eta gutxi gehiago. Lenca herriak ordea han jarraitzen du oraindik, zentzu etniko eta kulturalean, nortasun kontzientziak ere badirau, baina hizkuntza falta zaio eta batzuek berreskuratu nahi lukete.

Ba al dago egoera horretan lenca berpizterik?

Askok ezetz esango lukete, hebreera, kornubiera eta manxeraren adibideak gorabehera. Zeharo ezinezkoa ez dela esango nuke nik, baldin eta hizkuntzaren dokumentazioaren kopurua eta kalitatea behar den minimora iristen badira, baina bai, izugarri zaila. Erantzuna gogoaren araberakoa izango da: zenbat balio du herri jakin batentzat bere sustraietako gako hori berreskuratzeak? Gizartean ba ote dago halako ahalegin itzelari ekiteko umorerik?

Nawat hizkuntza ezagutu zenuen lenca aurretik. Nola hasi zinen?

Aspaldi hasi nintzen El Salvadorko nawat hizkuntza indigenaren inguruan lanean. Hiztun gutxi gelditzen dira baina batzuk badira. Hogeitabatgarren mendera arte bizirik irautea lortu duen hizkuntza horri, mirari horri, estatuak eta gizarteak inolako kasurik ez dio egin inoiz; sarraski ikaragarriak direla medio gutxitan aipatzen diren genozidio saiakera batzuk jasan behar izan dira gainera. Hizkuntza hilzorian dago aspalditik, baina horri buelta eman eta berreskurapen prozesu berri bat abiarazten ibili gara eragile batzuk azken boladan. Baita zenbait aurrerapauso lortu ere.

"Hizkuntza indigenak eskoletan txertatzeko programa lantzen ari dira Hondurasen"

 

Lan hartatik heldu zen lencari buruzkoa?

Eskualde lencako lagun batzuei iritsi zitzaien berri hori eta galdezka hasi zitzaizkigun ea ezin ote zen nawatarentzat lortzen ari ginena lencarentzat ere egiten saiatu. Nire lehenengo erantzuna laburra izan zen: ezin zen, lenca hiztunik ez dagoelako eta gainera hizkuntzaren datu gutxiegi daudelako. Baina behin eta berriro galdetu zidaten, eta azkenean, ezer agindu gabe, begirada bat botako niola esan nuen. Eta horrela hasi nintzen hizkuntza ikertzen, beste batzuen laguntzarekin: dokumentuak bilatzen, datuak biltzen, analizatzen...

Zer ezaugarri ditu lenca hizkuntzak?

Lehenengo gauza: hizkuntza bat baino gehiago dira. Hegoaldean (El Salvadorren) eta iparraldean (Hondurasen) mintzatzen ziren hizkuntza horiek aztertzerakoan, oso desberdinak direla ikusten dugu. Hori bai, ahaidetasun bat badago beraien artean; familia berekoak dira. Eta bigarren gauza: bi hizkuntza izan arren, biek osatzen duten familia hori munduan euskara bezain bakartia da, inongo beste hizkuntzarekin lotura genetikorik izan gabe.

Eta lenca herriak zer berezitasun ditu?

Lenca herriaren jatorria ere apur bat misteriotsutzat jotzen da, inork ez baitaki oso ongi ez nola sortu zen ez nondik iritsi zen (inondik iritsi bazen), aspaldiko garai batean hegoaldetik heldu zela susmatzen bada ere. Nolanahi den ere, eskualdearen kronologia etnografiko erlatiboaren barnean, ziur egon gaitezke nawateraz mintzatzen ziren giza-taldeak inguru haietara iritsi zireneko, orain mila urte gutxienez oker ez banago, lencak aspaldiko partez hantxe bizi zirela, eta hortaz testuinguru horretan behintzat estratu zaharrago, indigenago bat osatzen zuela lencenak pipilek baino.

Hizkuntza berpizteko lanean ari dira?

Lanean hasi direla esan daiteke, baina oso berde dago oraindik. Azken urteotan inoiz horretan ahalegintzeko interesa adierazi izan da han-hemenka, hori bai, baina lehenbiziko arazoa zera da, han inork ez dakiela nola egin hori, eta egitekotan, egiten diren proposamenek ez dute beti ondo asmatzen. Oso gauza arraroak gertatzen dira, ia auzo-lotsa emateko modukoak eta beharbada sinesten zailak, adibidez hizkuntzalaria ez den pertsona bat fundamenturik ez duen gezurrezko lenca sasi-hizkuntza bat asmatu eta zabaltzen ibiltzea (Hondurasko ereserki nazionala sasi-jerga honetara itzuli da eta orain eskoletan irakasten da). Baina hori gutxi balitz, beste pertsona batek lencaren "ikasliburu" bat argitaratu zuen duela urte batzuk, informazio faltsua eta plagio hutsa. Beraz, galdera zuzena da ea hizkuntza berpizteko egiazko lanean ari diren.

Egiazko lana egiterik balego, zenbateko interesa dagoela uste duzu?

Uste dut badagoela interesa eta denborarekin goraka doala. Nawateraren esperientzian ikusi dugu nola, gaur egungo inguru teknologikoari esker, mota guztietako ekimenak eta komunikazioa errazten diren. Beraz, nahiz eta hasieran ezetz iruditu, eskolatuagoa eta kapazagoa den gazteriaren sektore bat esnatu egin da, eta atzo ezinezkotzat jotako gauzei ekin diete. Medio sozialetan ikusten ditugu oihartzunak, gogoa badagoela adieraziz. Zer egin eta nola egin beste gauza bat da, baina bide egokia erakusten denean, gauzak mugitzen hasten dira.

Administrazioek zein ardura izan dute?

Orokorrean oso gutxi, baina badaude salbuespenak. El Salvadorren, garai batean eta orain berriro ezkerreko alderdia gobernuan dagoelarik, keinu batzuk egin izan dira noizbehinka baina beti planteamendu okerrekin, ondorio mugatuekin, konpromiso eskasarekin eta baliabide gutxirekin. Hondurasen, turismoa suspertzeko kanpainak sortzeko garaian, nortasun indigena eta folklorea interesatzen zaie. Bestalde ordea, Hezkuntza Ministerioa bertako hizkuntza indigenak eskoletako curriculumetan txertatzeko programa bat lantzen ari da, eta hor egon liteke lencarentzat aukera bat, jendeak probetxatzen baldin badaki! 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago