Martxan da Bertsoa Bizi Gazte lehiaketa. Arabako Aldundiak eta Arabako Bertsozale Elkarteak lurraldeko gazteen euskarazko sormenak bultzatu eta argitara ekarri nahi dituzte, hitzez, doinuz eta irudiz osaturiko bideoklip lehiaketa honen bidez. 14-18 urte bitarteko 3-8 laguneko taldeak bilduko dira eta hauek izango dira bertsoak, letra aldatutako abestiak edo rap batez osatutako bideo klipak bidali beharko dituztenak maiatzaren 5a baino lehen bertsoabizi@gmail.com helbidera.
Aurten Arabako eskualde guztietako bigarren hezkuntzako 18 ikastetxek hartu dute parte proiektu honetan. Denera 61 ikastalde, 1000 gazte.
Ikastetxe hauetan, eskola ordutan egin diren tailerren bidez lehen murgiltze saioa egin da bertsoaren dimentsiora. Honetarako, beste diziplina zenbaiten laguntza izan delarik (Rap, musika instrumentazioak, antzerkia...). Amaieran ikastetxean bertan edo herrian ekitaldi batean egindako sorkuntza ekoizpenak jendaurrean plazaratu dira eta honekin batera gazteentzat egokitutako bertso saio bat egon da ikastetxe horietan. Behin eskola ordutako bertso ikastaroa amaitzean, interesa piztu zaien ikasleen artean eskolaz kanpoko jarduera mugatu bat planteatu zaie (10 ordutakoa), bertan sakontzeko eta bideoklip lehiaketarako ekoizpena bideratzeko aukera izan dezaten interesa duten gazteek.
“Ekimen honen arrakasta bermatu nahian, Aldundiak Arabako Bertsozale Elkartearekin bat egin nahi du Bertsoa Bizi Gazte egunean gazteen partaidetza ugaltzeko, bideoklip kopurua biderkatzeko, eta aipaturiko 18 ikastetxeetako ikasleez gain, arabar gazte saltsero orok bere mezua plazaratu dezan bultzatzeko”, aipatu du Igone Martinez de Luna kultura diputatuak. “Gaurkoan animatu egin nahi ditut arabar gazteak, mezuak eta sentimenduak euskaraz adieraztera”.
Lehiaketaren nondik norakoak, araudia, sariak, bideoak ere bertan argitaratuko dira nibanaxarabakoa.eus webgunean.