Xabier Añua: "Hasieran kuartelean bakarrik jokatzen zuten saskibaloian"

Erabiltzailearen aurpegia Oier Bravo 2017ko mar. 10a, 10:50

Xabier Añua, Gasteiz erdigunean. / O. Bravo

Gasteizen ospatu zen Saskibaloi Errege Kopan Xabier Añuaren kirol-ibilbideari saria eman zion Espainiako Entrenatzaileen Batzordeak; erretiroa hartuta, arlo sozialean gehiago inplikatzen saiatu da.

 

Entrenatzaileen urrezko domina eskuan, atzera begira egin du Xabier Añuak (Gasteiz, 1935). FC  Bartzelona edota Antibeseko entrenatzaile, Saski Baskoniako zuzendaritzako kide eta beste entrenatzaileen maisu ere izan da kirol ibilbide oparoan, baina politika eta zuzenbidean ere egin du bidea. Erretiroa hartuta, Gasteizek dituen "mugak" apurtzen ahalegindu da, bateko eta besteko mobilizazioetan, "gizarte aurrerakoi batean bizi ahal izateko". 

Nola hasi zinen saskibaloian jokatzen?

CD Vitorian hasi nintzen futbolean, eta gustatzen zitzaidan, baina amak ezin nuela jokatu esan zidan eta utzi behar izan nuen. Orduan nire eskolan saski bat jarri zuten. Momentu horretan amak ez zuen saskibaloia ezagutzen eta horregatikjokatzen utzi zidan. Heziketa fisikoko klase moduko batzuk zirela iruditzen zitzaion.

1950. urtean oraindik ez zen ezagutzen saskibaloia Gasteizen?

Momentu horretan ezer ere ez. Kuartelean bakarrik jokatzen zuten saskibaloian hasieran; Frente de Juventudesekoek jokatzen zuten, baina beste guztiok ez genuen ezagutzen. Orduan hasi ginen kirol honi buruz ikasten, patioan eta larruzko pilotekin. Gero Gasteizko frontoian jokatzen hasi gine; frontoiko zelaia oso estua zen, eta jokatu nahi genuen bakoitzean saskiak muntatu eta klarionekin marrak margotu behar genituen. Baina hiriaren erdialdean zegoen, eta mundu guztiak zeukan hurbil.

Eta jendea frontoira joaten hasi zen momentu horretan…

Hori da. Eta gainera, urte batzuk geroago, hori ikusita, KAS txirrindularitza taldea gu babestera sartu zen bigarren mailan geundela. Haiek eman ziguten diruarekin amerikar batzuk fitxatu eta 1965ean lehenengo mailara igo ginen. Denboraldi osoan ez genuen partidu bat ere  galdu.

Lehen mailan urte batzuk egon eta gero kaleratu zintuzten. Zergatik?

Txirrindularitza taldeko zuzendariak eskua sartu zuen bertan. Bere lagun batek esan zion lagun bat zeukala nik baino hobeto egin zezakeena. Horregatik bota ninduten. Momentu horretan Gasteizen inpaktu handia izan zuen horrek, eta tabernari askok erabaki zuten haien lokaletan ez zela KAS markadun freskagarririk salduko. Horren ostean, taldea Bilbora eraman zuten, ziur aski Bizkaiko aukera komertzialak handiagoak izango zirelako. Hala ere, istorio hori guztiz egia da, baina niri lotsa ematen dit hau kontatzeak. 

Irakurri elkarrizketa osoa ALEA aldizkariaren 97. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago