Terrorismoaren biktimen aldeko ekitaldia egingo dute bihar, Gasteizen

Erredakzioa 2017ko mar. 9a, 17:27
Iaz, biktimen alde Donostian egin zuten ekitaldia. / EITB

Jaurlaritzak deituta, 09:00etatik 13:00etara elkarretaratzea egingo dute Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan.

Eusko Jaurlaritzak, Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren bidez, erakunde terroristen biktimei elkartasuna eta aitorpena erakusteko ekitaldi bat antolatu du biharko martxoaren 10erako. Helburua da gizartearen eta erakundeen batasuna ikusgai egitea biktimentzat. Helburu horrekin, gizarteko hainbat sektorek hartuko dute parte. Ekitaldi hau Terrorismoaren Biktimen Europako Eguna dela eta antolatu da. 

Ekitaldia lau orduko elkarretaratze bat izango da, 9:00etatik 13:00etara, Gasteizko Andre Mari Zuriaren Plazan. Lau ordu horietan zehar, erakundeetako eta gizarteko zenbait ordezkaritza izango dira elkarretaratzearen buru, hamabost minutuko txandak eginez.

Lehenengo txandako burua Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Eusko Jaurlaritza izango dira. Hortik aurrera, barruan idatzi bat daraman lekuko bat txandaz-txanda pasako dute ordezkaritzen artean. 13:00etan, mezuaren edukia irakurriko da. Mezua irakurriko duen pertsona Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluaren presidente Jose Luis de la Cuesta izango da.

Terrorismoaren biktimen elkarteetako biktimek eta ordezkariek lau ordutan zehar hartuko dute parte nahi duten txandan. Honez gain, gizartea gonbidatuta dago ekitaldian parte hartzera lau orduetako edozein momentutan.
 
 
 

09:00-09:15

Eusko Jaurlaritza, Lehendakaria buru dela. Bertan Gasteizeko Alkate eta Arabako Ahaldun Nagusia izango dira.

09:15-09:30

Euskal unibertsitateetako ordezkariak: UPV/EHU, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea.

09:30-09:45

Foru Aldundietako eta Batzar Nagusietako ordezkaritzak.

09:45-10:00

Bake eta Giza Eskubideetarako Hezkuntza Elkarteen Foroa bere presidentea buru dela.

10:00-10:15

EUDEL eta Vitoria-Gasteizko, Bilboko eta Donostiako alkateak. 

10:15-10:30

Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK), haren presidentea buru dela.

10:30-10:45

Eusko Legebiltzarra, haren presidentea buru dela.

10:45-11:00

Kirolari lotutako erakundeak: Basque Team eta kirol taldeak.

11:00-11:15

Arartekoaren ordezkaritza bat.

11:15-11:30

Kulturari lotutako erakundeak.

11:30-11:45

Epaileria eta abokatu-elkargoak.

11:45-12:00

Vitoria-Gasteizeko gizarte-eragileak.

12:00-12:15

Hezkuntzari lotutako erakundeak, hala nola Eskola Kontseilua edo Gizalegez Akordioa sinatu duten erakundeak.

12:15-12:30

Erlijio desberdinen ordezkaritzak.

12:30-12:45

Arlo ekonomikoa eta enpresa-esparrua.

12:45-13:00

Hedabideak eta kazetariak.

13:00

Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusia eta mezua irakurriko duen pertsona.

 
 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide