Noemi Gianotti de Molfino argentinarraren hilotza Madrilen agertu zen, 1980ko uztailaren 18an. Videlaren diktadurak desagerrarazitako Marcela alabaren bila zebilen garai hartan, eta lau haizeetara zabaldu zuen aldarria; bahitutako seme-alaben lekukotasuna Europan ere entzunarazi zuen. Hari horri tiraka osatu dute Danilo Albin kazetariak (Uruguai, 1979) eta Karlos Trijueque zine zuzendariak No me olvides dokumentala, Martxoaren 3ko gertakarien harira, Gasteizko Memoria Gunean eskaini dutena.
Noemiren hilotza agertu aurretik gertatutakoak eta ostekoak jasotzen ditu dokumentalak. Noiz desagertu zen?
Europan zeuden errefuxiatu argentinarrekin lotura handia zuen Noemik, eta hainbat hitzaldi eman zituen gertatutakoa salatzeko, baita Genevan ere. Sekulakoak egin zituen haren alaba aurkitzeko. 1980ko ekainean Perura bueltatu zen, haren seme gazteenarekin, nazioartean gertatutakoa salatu eta gero, eta ekainaren 13an bahitu zuten, beste militante talde batekin batera. Espainiako erregina Videlarekin afaltzen ari zela, Buenos Aires hiriaren fundazioaren ospakizunetan, Argentinako zerbitzu sekretuek operazio hori jarri zuten martxan Liman. Eskandalua izan zen, Peruko gobernuak ere ez zekielako gertatutakoari azalpen bat ematen, eta han ere diktadura batetik atera berri zirelako. Hilabete beranduago agertu zen Noemiren hilotza Madrilgo Muralto hotelean.
Nola heltzen zarete zuek ikerketa horretara? Nola hasi zineten?
Denbora luzez izan nintzen ikerketa bat egiten Buenos Airesen, Argentinako diktadura eta Espainiaren arteko harremanaz, Suarez eta Gonzalezen gobernuekin zuenaz. Eta horretan ari ginela aurkitu genituen dokumentu batzuk erakusten zutenak Espainiak, 80ko agintariek, beste alde batera begiratzen zutela jakinik Argentinako hainbat lagunen kontrako operazioak martxan zituela diktadurak; are gehiago, laguntza eskaini ziola. Noemiren kasuan konplizitate hori erakusten duten hainbat dokumentu eskuratu genituen eta horri heldu genion.
Zehazki, zer da dokumentalak frogatzen duena?
Erakusten du Noemiren hiltzaileek, oraindik nortzuk izan ziren ez dakigun horiek, aztarnak utzi zituztela, garaiko dokumentazio judizialean jaso zen moduan; arrastorik ez uzten saiatu ziren arren, ez zuten denak borratzea lortu. Madrileko Auzitegiko epaileak garai hartan egin zuen gauza bakarra izan zen Argentinako diktadurari esatea aztarnak zeudela eta hangoak ote ziren. Noski, Argentinako diktadurak ez zuen inor identifikatu eta Interpol bidez tramitatutako froga horiek Madrilen geratu ziren eta kasua artxibatu zuten. Epaitegiak ez zuen pauso bakar bat ere eman errudunak zeintzuk izan ziren aurkitzeko.
Baltasar Garzon epaileak ere izan zuen kasua esku artean, ezta?
Argentinako diktaduraren krimenak ikertzeko auzia bideratu zuen Garzonek 1997an, eta kasu guztien artean Noemiren semeak ere deklaratu zuen, Gustavok –dokumentaleko protagonista nagusia–. Garai hartan ere ez zuten argitu norenak ziren aztarna horiek. Dokumentalaren bitartez salatzen dugu Madrilen jarraitzen dutela hatz-aztarna horiek, edo egon beharko luketela, eta 2017. urte honetan ere ez dutela ikertzeko borondaterik, Noemi nork hil zuen ikertzeko.
Familiak kasua berriz irekitzea eskatu zuen 2014an, dokumentala aurkeztu berri.
Dokumentala egin aurreko lanarekin, aztarna hauek aurkitu genituenean, familiak berriz mugitu nahi izan zuen, eurek ere ez zekitelako froga hauek zeudenik. Saiatu ziren, auzia osorik Buenos Airesera eramateko eskatu zuten, eta denon sorpresarako konturatu ginen guk geuk izandako espediente judizialean zati bat falta zela, dokumentuak falta zirela. Oztopoak oztopo, ordea, auziak irekita jarraitzen du Contraofensiva izeneko auzi handiago baten barruan sartu dutelako abokatuek; auzi horretan, Montoneros gerrillaren kontra diktadurak egindako sarraskia epaituko dute, eta Noemi eta Marcela alabaren kasuak auzi horretan sartu dituzte. Auzia irekita dago, beraz, baina aurrerapausorik gabe momentuz.
"Espainiak dokumentuak desklasifikatu gabe jarraitzen du; historiako zati bat ukatzen jarraitzen du"
Espainiako iritzi publikoak ezagutzen du dokumentala? Nola jokatu dute hedabideek?
Dokumentala aurkeztu genuenean atentzioa eman zuen, baina Videla eta Espainiaren arteko harremanekin izan den erabateko isiltasuna ere beste gai batzuetan ematen da. Eta duela gutxi ikusi dugu, Macrik Espainia bisitatu duenean; argitu gabeko kasuen inguruan ez dute hitzik esan. Gogoratu behar dugu hedabide horiek direla Argentinako diktadura garaian hango militarren aldeko kanpaina egiten zutenak, esate baterako ABCk. Ulertzekoa da, beraz, gertatutakoa argitzeko borondaterik ez zen izan garai hartan eta orain ere ez.
Frankismoaren kontra Argentinan irekitako kereila ere zintzilik dago, Espainiatik jarritako oztopoekin...
Bai, Espainiako transizioaren lotsa hori da. Argentinako militarrek emakume bat ekarri zezaketen, bahituta, herrialdera sartu dokumentu faltsuekin, hil, ospa egin eta ezer gertatuko ez zela jakin. Eta, aldi berean, diktadura frankistako krimenak ikertu gabe utz ditzake eta biktimek beste herrialde batera jo behar dute Espainian lortzen ez dutena lortzeko. Momentu honetan, gainera, Espainian dauden trabak Argentinan ere agertzen hasi dira; kereila Buenos Airesen aurkeztu zutenean aldeko mugimendu judizial, politiko eta instituzionala zegoen, estatu krimenak ikertzearen aldekoa, Argentinako krimenak eta, gertutasunez, Espainiakoak ere. Baina erabateko aldaketa izan da, Macri dago orain, eskuina, diktadurako militarren gertukoa, eta susmoa dut Buenos Aireseko botere judizialaren kontrako presioek Espainiako kereilari ere kalte egingo diotela.
Martxoaren 3ko biktimek Justizia eske jarraitzen dute, 41 urte eta gero.
Ez dute Justiziarik izango Espainiako estatuan sarraskia egin zutenek edo euren oinordekoek agintzen duten bitartean, zoritxarrez. Ezinezkoa da hori gertatzea PPk haren kriminalak defendatzen dituelako; ikusi genuen nola hil zen Fraga, erabateko zigorgabetasunarekin. Uste dut martxoaren 3ko biktimek, frankismo eta frankismo osteko biktimek bezala, Justizia kanpoan bilatu beharko dutela. Erregimenak erregimen izaten jarraitzen duen bitartean, oso zaila da.
Zenbat kasu geratzen dira ikertzeko? Besterik duzue esku artean?
Argentinako diktadura eta Espainiaren arteko harremanak ikertzen jarraitzen dugu. Publico egunkarian frogatu ahal izan dugu batez ere Suarezen gobernuarekin zituen harremanak eta orain Gonzalekin zituenak ikertzen ari gara, ikusi dugulako kanpora begira gauza bat esaten zuela eta barruan beste gauza bat egiten ari zela. Gonzalezen gobernuak harremana izan zuen Videlaren diktadurarekin, harreman ekonomiko eta politikoak; gauza batzuk argitaratu ditugu eta beste batzuk argitaratzen jarraituko dugu. Interesa dugu gai honetan orain PSOEk moralitate edo demokrazia lekzioak ematen dituelako, batik bat latioamerikako hainbat herrialdeei dagokienez, eta haren iraganaren lotsak ezkutatzen dutelako; esate baterako, dominak emanez Argentinako diktaduran umeak bahitu zituzten militarrei.
Ikertzeko presiorik jasan al duzue? Erraztasunik ez zizueten jarriko, ezta?
Erraztasunik bakar bat ere ez. Are gehiago, Espainiak dokumentuak ezkutatzen jarraitzen du. Espainiako enbaxadak Argentinan diktadura garaian bildutako dokumentu guztiak desklasifikatzeko eskatu dugu, eta batzuk bakarrik ireki dituzte. Argentinako kanpo harremanetarako ministerioarekin ere antzera gertatu zaigu; diktadura garaian Madrileko enbaxadan bildutako sei kutxa eskatu ditugu eta ez dugu baimenik jaso. Jakina da enbaxada hau espioitza gune bezala aritzen zela, eta nolabaiteko estalki legala zela diktadura garaiko errefuxiatuak harrapatzeko, hori dokumentuek jasotzen dute.
Desklasifikatu gabeko dokumentuak Espainian eta Argentinan, beraz.
Espainian PPk ez ditu artxiboak ireki nahi, Argentinako eskuinak ere ez, eta hori gertatzen den bitartean historiako zati bat ukatzen jarraituko dute. Justizia egin dadin eskatzeko beharra geratzen zaigu; kontuan izan Videlaren diktaduran 30.000 desagertu zirela, eta Espainiako jatorria zuten 700 bat horien artean. Ikertu beste aukerarik ez daukagu.