Antolatutako ekitaldi solidarioa gaixotasun honi buruzko sentsibilizazio ekintza bat izateaz gain, Arabako Esklerosi Anizkoitzaren Elkarteak bere eguneroko jarduera aurrera eraman ahal izateko diru bilketa bat ere izango da. Horren berri emateko ekitaldia egin dute antolatzaile eta erakunde laguntzaileetako ordezkariek.
Esklerosi anizkoitza gaixotasun neurologikoa da, gehienbat, heldu gazteei eragiten diena eta 18 eta 35 urtekoen artean diagnostikatu ohi dena. Gaixotasun kronikoa da, eta bizi kalitatea mugatzen duten ondorioak izan ditzakeena. Gaixotasunak gehiago eragiten die emakumeei gizonezkoei baino eta trafiko istripuen atzetik, ezgaitasun arrazoi handiena da gazteen artean.
AEMAR elkarteak gaixotasun honen ondorioz baldintzatuta bizi diren pertsonei laguntza eta babesa eskaintzen die. Elkartea senide talde batek sortu zuen 1992an, alde batetik gaixotasun horri buruzko ezjakintasunak eta esperientziak elkarren artean partekatzeko, eta bestetik etorkizuneko kasu berriei gaixotasunari buruzko aholkularitza eta informazioa emateko ere. Gaur egun elkarteak 636 bazkide ditu; horietatik 196 gaixoak dira eta gainerako 440 lagunak, berriz, bazkide laguntzaileak.
“Saskiratu esklerosi anizkoitza dutenen alde”
Beste urte batzuetan egin den bezala, aurtengoan ere Baskoniaren partidaren atsedenaldian sari zozketa bat antolatu dute jendaurrean, honako sariekin: bi lagunentzako 3 eguneko bidaia Parisera hegazkinez, hotel egonaldi ezberdinak, Baskonia datorren denboraldian ikusteko abonamenduak eta taldeko jokalariek izenpetutako elastikoak.
Zozketan parte hartu nahi dutenek elkartearen egoitzan (Giza Eskubideen hiribidea 37, behea), Baskonia-Alavesen dendan (Alaba jeneralaren kalea, 1) eta La Caixaren bulegoetan erosi ahal izango dituzte txartelak, bai eta, partidaren egunean bertan, Buesa Arenara sartzeko ateetan. Txartelen prezioa 2 eurokoa izango da eta Marian Olabarrieta Gizarte Zerbitzuen Saileko foru diputatuak dei egin du arabarrek eta, bereziki, saskibaloi-zaleek ekintza solidario honetan laguntza eman dezaten.