Estitxu Alkorta: "Derrigortasun eta folkloretik kanpo utzi behar dugu euskara"

Txintxarri aldizkaria 2017ko ots. 24a, 14:39
Estitxu Alkorta Euskara Sustatzeko Zuzendari berria | Maider Azurmendi, TXINTXARRI

Euskal hedabidei zein euskalgintzako eragileei bideratutako diru laguntza lerroez hitz egin du Estitxu Alkorta Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko Zuzendariak Txintxarriri eskainitako elkarrizketan.

Estitxu Alkortak hartu berri du Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko Zuzendaritza, Miren Dobaran Sailburuordearen gidaritzapean. Txintxarri Lasarte-Oriako tokiko aldizkariari eskainitako elkarrizketan hedabideen dirulaguntzez eremu digital berriez eta nerabeak gerturatzeko beharraz hitzegin dut besteak beste.

Talde berritua osatu da Miren Dobaranen gidaritzapean. Zeintzuk dira finkatu dituzuen helburu edota lan ildo nagusiak? 

Oraindik horretan gaude baina lau lan esparru nagusiak finkatu ditugu. Lehenengo eta behin, euskal hiztun kopurua handitu nahi dugu, bigarrenik, euskararen erabilera esparru funtzional-ez informal horietan areagotu, batez ere aisialdian 12-16 urte bitartekoetan eta ingurune digitalean egin nahi dugu hau. Hirugarrenik, hizkuntza eskubideen bidean, bermatu nahi dugu euskararen erabilera bai administrazioan baita eremu pribatuan ere. Laugarrena eta azken lan ildoa izango litzateke, hiru lurraldetako harreman instituzionalak sendotzea. Harreman hori egonkortu eta lurraldeen artean koordinazio lan handiagoa egin hizkuntzari dagokionean. Hau guztiarekin batera, ikerketa indartu nahi dugu. Hartzen ditugun erabakiak ikerketetan oinarria izatea nahiko genuke. 

Orain arte gauzatu diren hizkuntza politiketan ez al da asmatu?

Aurreko lan taldeak oso lan ona egin zuen eta azken urteetan gauza askotan asmatu dela esan behar da. Hala ere badira hutsuneak. Horregatik azken hauetan sakondu nahi dugu eta estrategia on bat gauzatzea lortzea dugu helburu.

Zure zuzendaritzari dagokionez, zeintzuk dira indartu beharreko esparruak? 

Euskararen sustapenari dagokionean, esan daiteke aipatutako lau ildo horiek barne hartzen dituela modu orokorrean, baina aipatutako bigarren hori da batez ere landuko duguna. Euskararen sustapena aisialdian eta nerabeei begira eta batez ere, hain azkar doan mundu digital horretan jarriko dugu indarra. Azken hauen kasuan, gu baino azkarrago aldatzen doaz eta diru laguntzak, erritmo horretara egokitu behar direla uste dugu. 

Euskara sustatzeko zeintzuk dira eman beharreko pausuak? Kale erabilera azken hamar urteetan gelditu da (%13 da azken datua). 

Oso zaila da asmatzea. Guretzat berebiziko garrantzia du nerabeetan eragitea. Gaur egun 12 eta 16 urteko gazteengana iristeko produktu eraginkor bat behar da. Kontutan izan behar da aldaketa handia egon dela azken urteetan eta gaur gaurkoz, nerabeei ez zaie axola zein hizkuntzatan erabili behar duten Whatsapp-a, Interneta, edota edozein App. Beraien mundura gerturatu behar dugu. Dagoeneko argi geratu da, ez duela balio betiko diskurtso pedagogikoak edota derrigortasunak. Era natural batean eta produktu erakargarriekin lortu behar dugu. Horregatik, bereziki eman behar diogu indarra esparru horri, ingurune digitalari. Argi dugu adibidez, Wikipedia euskaraz indartu behar dugula edota nerabeei zuzendutako euskal App-ak sustatu. Euskara derrigortasuna eta folklorearen diskurtsotik kendu behar dugu.

Hizkuntzaren sustapenean zein paper dute euskalgintzako eragileek?

Eskutik joan behar dugu denok, eragile guztiok. Lankidetzak eta adostasunak izan beharko lukete bidea. Nire zuzendaritzatik, euskalgintzari ematen zaion diru laguntza mantendu edota igotzeko asmoa dago. Egia da aurten aurrekontuak ia itxita aurkitu ditugula, baina datozen urteetan deialdian bertan egin nahi dira hainbat aldaketa. Hori diot 2016ko diru laguntzen ebazpenean ikusi dugulako badaudela proiektu oso interesgarriak kanpoan geratu direnak. Balorazioa egin da eta penaz ikusi dugu hori. 

Lurraldeen arteko ezberdintasunak badaude…

Dobaranek kontutan hartu du hori eta hiru lurraldeetako ikuspegia txertatu nahi izan du lantaldean. Irizpide bateratuak landu nahi ditugu beti ere, lurralde bakoitzaren egoera soziolinguistikoa errespetatuz. 
Nafarroa eta Iparraldearekin elkarlana sustatzeko asmoa dugu. Momentua probestu behar dugu egin beharreko sinergiak gauzatu eta horiek etorkizunera begira sendotzeko. Momentu politikoari dagokionez behintzat, ezin aproposagoa da. 

IKT deialdian aldaketak egongo dira?

Bai, astindu bat eman nahi diogu 'Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietan euskara sustatu, garatu edota normalizatzeko egitasmoak' diruz laguntzeko lerro horri. Hasiera batean diru poltsa handi bat egotea lehenesten zuen sailak. Baina konturatu gara orain arte diru banaketa hori egin dugula irizpide oso zehatzik gabe. IKT diru laguntza lerro horren izena aurrerantzean 'Euskara Ingurune Digitalean' izango da. Orain arte oso zabala zen eta ondorioz, azkenean komertzializatu ez diren produktuak diruz lagundu ditugu edota erdi bidean geratu direnak. Ikusiko da, baina lehenetsiko ditugu proiektu onenak eta hauen artean nerabeei zuzendutako erakargarrienak.

Euskarazko hedabideei dagokionez, zein da hauekin harremana eta lanerako helburuak?

Esparru honetan esan nahiko nuke '0 minututik' nagoela sektorearekin harremanetan. Hau esaten dut, kargua hartu eta bi egunetan bilera egin nuelako Hekimenekin. Foru Aldundiekin bilera orokor bat genuen eta han atera zen Gipuzkoako Foru Aldundia Hekimenekin hasitako gogoeta prozesua. Euskal hedabideen sektorea laguntzeko eta egonkortzeko esplorazio batzuk egitea da helburua. Honakoa ez dator bakarrik aurreko diru laguntzen ebazpenagatik, tartean hori ere badago, baina horretaz aparte, ikusten genuen euskal hedabideen sektoreak behar zuela trataera berezi bat. Gogoeta prozesu horretan bete betean murgilduta gaude eta euskal hedabideek euskararen normalizazioan egindako lana aitortzeaz gain, asmoa bada, lankidetza hori denboran egonkortzea.

Zein balorazio egin duzue hedabideei lehenengoz hiru urterako laguntzak banatu ostean?

Nik jaso dudanagatik, hiru urtetako laguntza emate hori, adostutako neurri bat izan zen baina egia da ere, balorazio irizpidetan diferentzia gehiago egon direla, irismenari eman zaion pisuagatik adibidez. Ondorioa izan da, banaketa beste proportzio batean egitea. Horrela izanda, esan daiteke, tokiko komunikabideak hobeto atera direla hedabide nazionalak baino. Hala ere, esan beharra dago diru laguntza lerro hau azken bost urtetan ez dela jaitsi. Diru poltsa pixkat handiagoa ere bazen azken deialdi honetan. Banaketa izan da diferentea, hori bai.

Hurrengorako aldaketak aurreikusten dituzue?

Ikusiko da gogoeta prozesuak zer ematen duen. Baina behintzat gure asmoa bada proiektu komunikatibo osoa laguntzea. Eta ez orain arte bezala weba, papera, App-a...  nolabait produktu bakoitzari banaka dirua ematea.

Badago lana esparru honetan…

Oraindik badago lana bai. Helburuetan denok ados gaudela esango nuke, egindako lanaren aitortzan ados gaude, gure iparra zein den horretan ere ados gaudela esango nuke, baina nola egin? Sektore honen baitan badira zailtasunak besteak beste, mota guztietako hedabideak daude, enpresak, irabazi asmorik gabeko elkarteak, norbanakoak… papera bakarrik ateratzen dutenak, soilik digitalean ari direnak, irratiak, telebistak…Beti ere aitortuta, guztiek euskararen normalizazioan egin duten eta egiten duten lana. Erakunde bezala ezin dugu ahaztu Euskararen Legeak dioena, hori ere badelako gure oinarri; hau da, euskal herritarrok informazioa euskaraz jasotzeko eskubidea dugu. Beraz, erakundeak 'behartuta' gaude eskubide subjektibo hori bermatzea.

Tokiko hedabideen esparruari dagokionez, nola ikusten dituzu?

Tokikomekin harremana ere estua da. Gainera Gipuzkoako Foru Aldundiak bere garaian hasitako prozesu, foro baten emaitza da Tokikom. Orduan beharra ikusten zen tokikoak mahai baten inguruan jartzea eta zegoen atomizazio hori ahalik eta gehien kentzea. Lortu duzue elkartzea eta interlokuzio bakarra bideratzea, horrek bere garrantzia badu erakundearen ikuspegitik. Orain, lehen aipatzen nuen hausnarketa orokor horren baitan zaudete murgilduta ere. Nire ikuspegitik, etorkizuna baduzue eta behintzat gure asmoa ez da tokiko hedabideak eta nazionalak bereiztea. Hala ere, Udalekin harreman estuagoa duzuela uste dut. Babestuago sentitu zaitezkete udala edota Foru Aldundiagatik.

Zer gertatzen da publizitate instituzionalarekin? 

Esparru honetan lan asko dago egiteko etxe barruan. Legebiltzarrean onartu zen, ez zen gutxieneko ehunekoa jarri, euskal hedabideetan egin beharreko publizitatea askoz handiagoa izan behar zuela eta ez zela izango Euskara sailaren eginkizun bat baizik eta sail guztiena. Gauzatzeko ordea, etxe barruan sentsibilizazioa eta lana dago egiteko.

Zergatik eman erdal komunikabideei diru laguntza?

Honen inguruan asko hitz egin da. Pizgarri bezala ulertzen du gure sailak diru laguntza lerroa. Hedabide hauen kasuan, orokorrean gaitasun ekonomiko handia dute, autofinantzaketa maila altua eta beraz, euskaraz ere egin dezaketela uste dugu. Diru laguntza pizgarri bat da euskaraz zerbait egin dezaten. Ez da euskal hedabideetan bezala, hauek mantentzeko bideratzen dela dirua. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide