Giza kate erraldoia egin dute Garoña berriz irekitzearen kontra

Erredakzioa 2017ko ots. 23a, 19:16
Garoñaren kontrako giza katea egin dute Gasteizen. /Equo

Garoñaren kontrako foroak deituta, elkarretaratzea egin dute Arabako Aldundiaren aurrean.

Bizitzaren alde kateatu lemapean giza katea egin dute gaur arratsaldean Gasteizen. Hitzordua 19:00etan izan da, Arabako Aldundiaren aurrean. Helburua Garoña ez zabaltzeko denon "benetako inplikazioa eta konpromiso eskatzea da". PPren egoitzaraino eraman dute protesta.

Hainbat hedabidek zabaldu dutenez, Mariano Rajoy Espainiako presidentea EAJrekin negoziatzen ari da, Garoñako zentral nuklearra ixteko, Estatuko Aurrekontu Orokorren babesaren truke. Aurrekontuen proiektua aurrera eraman ahal izateko beste alderdien laguntza behar dute popularrek.

Otsailaren 8an Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak (CSN) oniritzia eman zion Garoñako zentrala berriro irekitzeko eskariari. Behin betiko erabakia Energia Ministerioak hartu behar du, sei hilabeteko epean. Edonola ere, azken hitza Mariano Rajoyrena da.

Popularrek EAJren eta kanariar nazionalisten sostengua behar dute legegintzaldia PSOEren laguntzarik gabe amaitzeko. Jeltzaleen babesa lortuz gero aurrekontuak salbatuko lituzkete, EAJrekin (bost eserleku), Ciudadanosekin (32), eta Coalición Canaria eta Nova Canariarekin (eserleku bana). Aste honetan bildu dira lehen aldiz Aitor Esteban EAJko bozeramailea eta Cristóbal Montoro Espainiako Ogasun eta Funtzio Publikoko ministroa, aurrekontuei buruz hitz egiteko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide