Hamar urtez telefono finkorik gabe egon ondoren, pasa den astean Musituk kable bidezko telefono zerbitzua berreskuratu zuen. Momentuz, sare berria Udalaren izenean kontratatu dute, eta bizilagunek gizarte-etxean telefonoa zein internet zerbitzua erabiltzeko aukera izango dute datozen hilabeteetan.
Azkenean, arazo honi irtenbidea bilatu ahal izateko, bizilagunek Arraia-Maeztuko Udalaren laguntza izateaz gain, Arabako Foru Aldundiaren esku-hartzea ere beharrezkoa izan dute. "Musituko bizilagunen egoera azaldu genionean, Pilar Garcia de Salazar diputatu nagusiordea prest agertu zen bere izenean telefonia enpresari eskutitz bat idazteko", adierazi du Arraia-Maeztuko alkate Anartz Gorrotxategik.
Hamar urteko gabezia
Duela hamarkada bat, Telefonica enpresak Musitutik pasatzen zen telefonoaren kable sarea kentzea erabaki zuen, herria telefono finkorik zein estaldura mugikorrik gabe utzita. "Bizilagun gutxi duen herria izanda, enpresa handiek axolagabekeria erakusten dute gai honen aurrean".
Horregatik, denbora honetan zehar, bizilagunak eta Udalak arazoari irtenbidea bilatzen saiatu dira. "Tetra sistema erabiltzen duen larrialdietarako antena bat jartzea ere bururatu zitzaigun, behar handia dagoen kasuetan behintzat deitu ahal izateko. Baina, tamalez, inguruan ez zegoen antena martxan jartzeko estaldura nahikorik, eta ezin izan genuen jarri".
Hori dela eta, orain arte Musitun GSM sistemaren bidez funtzionatzen duen telefono publiko zahar batekin moldatu behar izan dira. Baina, telefono horrek askotan akatsak izaten zituen, eta gainera ekaitza edota eguraldi txarra egiten zuen bakoitzean ez zebilen. "Horregatik, behin, larrialdi bat egon zenean, bizilagunek ondoko herriraino korrika joan behar izan zuten laguntza eske".
Aukera berdinak denontzat
Udalak lehenbailehen konpondu nahi zuen telefono finkoa edota internetik gabe egotearen arazoa. "Izan ere, gaur egun hamar pertsona gara udalerrian erroldatuta gaudenak, eta herri honetara bizilagun gehiago erakarri nahi baldin baditugu, internet bezalako oinarrizko zerbitzua egotea beharrezkoa da. Bestela, hemen bizi direnek ez dute beste tokietan bizi direnek dituzten aukera berdinak izango".
Musituko "inkomunikazio" arazoa konponduta, Arraia-Maeztuko udalerrian ez da kable bidezko telefono barik dagoen herririk geratzen. Hala ere, alkateak esan duen moduan, oraindik estaldurarik gabeko puntu beltz asko geratzen da inguruan, eta irtenbide bat bilatu nahi diote.