alea.eus

Nekazaritza ekologikoko egitasmoak abiatzeko, ekintzaileen bila dabiltza

Estitxu U. Lopez de Arkaute 2017-02-23 13:05   Ekonomia

Larunbatean egun osoko jardunaldia egingo dute Zuhatzu-Kuartangon esperientziak eta aukera desberdinak partekatzeko.

Nekazaritza ekologikoko egitasmoak abiatzeko, ekintzaileen bila dabiltza
Ekotarrikoko Maitane Beltran de Guevarak bere esperientzia azalduko du. | Ikusi handiago | Argazki originala

Añanan bizi eta lan egin nahi duten lagunen bila dabil Kuadrilla, hain zuzen produkzio ekologikoaren eremuan egitasmoak dituzten ekintzaileen bila. Lehen pausoa eman dute, otsailaren 25ean, larunbatean, jardunaldi batzuk antolatu dituzte, Kuartangoko udaletxean.  

Jaki ekologikoen produkzioa eta transformazioa izango dira jardunaldien  ardatz nagusiak. Añanan zer baliabide eta zer aukera dauden aztertu nahi dute batetik, erakundeen aldetik zer babes behar den  jakin nahi dute bestetik, eta halaber, ikusi nahi dute zenbat pertsona dauden prest halako egitasmo bat abian jartzeko eskualdean.

Sustrai Habitat Design kooperatiba arabarra arduratu da ekimena diseinatzeaz, eta jardunaldietan ere parte hartuko du Añanako hainbat produktore ekologiko eta ekintzailerekin batera. 

Bestelako praktikak

David Gonzalez Sustrai kooperatibako kideak azaldu duenez, helburu asko dituzte larunbateko topaketari begira. "Batetik, ikusarazi nahi dugu nekazaritza produkzioan, abeltzaintzan, basogintzan, gauzak egiteko modu alternatiboak daudela; egungo ereduak irtenbiderik gabeko kale batera garamatza, eta erakutsi nahi dugu badaudela produzitzeko eta gauzak egiteko beste modu batzuk, nekazaritza, basogintza eta abeltzaintza praktika desberdinak egin daitezkeela".

Bestetik, herri-lurren balioa nabarmendu nahi dute hitzaldietan. Izan ere, Araba gero eta herrialde desorekatuagoa da, herriak populazioa galtzen ari dira, eta prozesu horretan herri-lurrak ere abandonatzen ari dira. "Jardunaldietan erakutsiko dugu nekazaritza praktika berriak herri-lurrak leheneratzeko aukera bat direla, Araban, eta Añanan herri-lur ugari ditugu baina ez dira erabiltzen, eta horiei balorea eman ahal diegu, ekonomia txikientzat erabiliz, hain zuzen". 

Lurra eskuratu

Horren harira, lurrak eskuratzeko arazoaren inguruan ere hitz egingo dute larunbatean.  Gonzalezek nabarmendu duenez, oinarrizko arazo nagusia da herrietan lan eta bizi nahi duten pertsonentzat. "Prest dagoen jendea dago, baina lurrak eskuratzeko zailtasun handiak dituzte, hortaz Udalek, Diputazioak eta batzar administratiboek herriko-lurrak egitasmo berriak abiatzen laguntzeko kudeatu ditzakete, eta modu horretan tokiko ekonomia bultzatuko lukete". Ildo horretan, gaurko araudietan aldaketak egiteko beharraz arituko direla aipatu du Sustraiko kideak. 

Programa

10:15-10:40 Tierra, papel y tijera (Gaubeako merkatua).

10:40-11:10 Kuartango sagardotegia. (Bainuetxea).

11:10-11:40 Ekotarriko (Zuhatzu-Kuartango).

11:40-12:00 Arangutxi baserria (Araia).

12:20-12:40 Katering agroekologikoa (Ortutik ahora).

12:40-13:10 Nekazaritza eta abeltzaintza aukerak Kuadrillan (Amaia Ortiz Barredo-Neiker).

13:10-13:40 Lurraldea biziberritzea eta landa ekonomia zirkularra.(Sustraiak Habitat Design).

13:40-13:50 Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien sailburuordea.

16:00-19:00. Eztabaida: 'Tokiko enplegua sortzeko, paisaia lehengoratzeko eta ekonomia dinamizatzeko aukerak'.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa