Elkarbizitzaren aldeko deia egin dute Abetxukun

Anakoz Amenabar 2017ko ots. 17a, 12:30
Protesta ugari izan dira azken hilabeteotan Abetxukun. / U. Nogales

Bizikidetza "baketsua" berreskuratzeko, bitartekaritza zerbitzua eta neurriak jartzeko galdegin diete erakundeei.

Abetxukun bizi duten egoerak kezkatuta, "elkarbizitzarako" deia egin dute Gasteizko hainbat lagunek. Gizarte alorrean eta, batik bat, giza eskubideen inguruko gaietan adituak diren lagunen esanetan, "premiazkoa" da erakundeek esku hartzea eta elkarrizketa bidezko konponbidea bilatzea. Besteak beste, Jose Angel Cuerda alkate ohiak, Amelia Barquin kultura arteko gaietan adituak, Cesar Manzanos Salhaketako kideak eta errefuxiatuen alde lanean ari den Rosabel Argotek sinatu dute deialdia.

Azken hilabeteetan Abetxukuko auzokide jakin batzuek Manzanares Cortes familiarekin –Los Pichis moduan ezagunak– izan dituzten bizikidetza arazoak direla eta, kezka  agertu dute sinatzaileek. "Eta are kezkagarriagoa iruditzen zaigu  hori Abetxukun gertatzea; izan ere,  auzo hau historian zehar beti izan da abegitsua eta solidarioa egoera sozioekonomiko kaskarrean dauden pertsonekin eta  beti harrera ona egin die  etorkinei", adierazi dute oharrean.  

Sinatzaileen esanetan, "hainbat hutsegite" egin zituen hasieran Manzanares Cortes familiak, auzoan sartzeko izan zuen modua eta jarrerengatik, baina "zuzendu" egin ditu horiek eta elkarrizketarako prest dago, "bizikidetza baketsua lortzeko asmoz".

"Elkar-ulertze bideak"

Horregatik, auzoko ugarik hartu duten jarrerarekin kezkatuta daudela azaldu dute, "elkar-ulertze bideak bilatu beharrean, Manzanares Cortes  familia auzotik joatea bilatzen dutelako". Jarrera horrekin guztien kalterako liskarrak sortu baino ez dituela egingo adierazi dute, eta elkarbizitza baketsuak "bestelako logika" bat eskatzen duela nabarmendu dute: "Gatazkak konpontzeko elkarrizketa eta gizalegea erabiltzea; gizarte pedagogia eta, jakina, enpatia, besteen lekuan jartzen ahalegintzea".   

Ildo beretik, egoerak "bere horretan" irauten duela ikusita, gogoeta eta elkarbizitzarako dei publikoa egin dute, eta horrekin batera erakunde publikoek  esku hartzea "premiazkoa" dela uste dute. "Luzamendutan ibili gabe, hiritar guztien eskubideak bermatu behar dituzte, besteak beste, edozein pertsonak nahi duen tokian bakean bizitzeko duen eskubidea eta horrekin batera dagozkion betebeharrak". Erakundeek bitartekaritza zerbitzu eta neurriak jartzeko eskatu dute, elkarrizketa bidezko konponbidea bilatzeko.     

Sinatzaileen arabera, gehiegi luzatu da egoera hau eta laster esku hartu ezean,  Abetxukuko elkarbizitza baketsurako giza ondorio "larriagoak" ekar ditzake.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide