Proba erraz eta dibertigarrien bidez Interneten eta sare sozialetan euskara erabiltzeko askotariko aukerak ezagutzea. Horixe da Gorbeialdeko Kuadrillako euskara zerbitzuak pasa den urtean eskualdean martxan jarritako gazte ginkanaren helburu nagusia. Bete-betean asmatu zuten, eskualdeko sei udalerrietako 200 neska-mutil inguruk hartu baitzuten parte esandako lehiaketan.
Iazko edizioaren harrera ikusirik, aurten Lautadako, Gorbeialdeko eta Arabako Errioxako Kuadrillek ginkana bana antolatu dute 12 eta 16 urte bitarteko gazteentzat. Kasu honetan ere bakarka zein taldeka aurkeztu daitezke; eta, denera, bost proba bete beharko dituzte bost asteren buruan: hain zuzen ere, otsailaren 27an eta martxoaren 6an, 13an, 20ean eta 27an argitaratuko dituzte probak Facebook bidez. Apirilaren 3a izango da proba guztiak aurkezteko azken eguna.
Hiru sari
Probetan puntu gehien lortzen dituenak irabaziko du ginkana; 300 euroko bonu saria jasoko du eskualde bakoitzeko hainbat komertziotan erabili ahal izateko. Zerrendan bigarren geratzen denak 200 euroko bonua lortuko du. Horiez gain, parte hartzen duten gazte guztiek saria eramateko aukera izango dute; probak egiten dituzten partehartzaile guztien artean sari berezia zozketatuko delako sari banaketa egiten den egunean.
Interesa duten gazteek bakoitzaren kuadrillako ginkanan parte hartzeko izen-ematea orria bete beharko dute hilaren 27a baino lehen. Dagoeneko eskuragarri daude Facebooken, honako orrietan: Lautadan, 4tada; Gorbeialdean, Gorbeia; eta Arabako Errioxan, Sareansare.