"Inauterien memoria galtzen ari da, zaharrak hiltzen ari direlako"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko ots. 16a, 21:00

Lurdes Lekuona Arabako Herri Inauteriak Elkarteko lehendakaria.

Gerra Zibilaren ostean debekatu ziren inauteriak, botereari kritika egiteko baliatzen zituelako jendeak; herrien izaeraren eta memoriaren parte direla nabarmendu du Lurdes Lekuona Herri Inauteriak Elkarteko presidenteak.

 

Otsailaren 4an Kuartangon hasi ziren eta hilabete luzatuko dira Arabako herri inauteriak. Ezagunena Zalduondoko Markitos da, baina beste hainbat herritan ere berreskuratu dituzte antzinako pertsonaiak. 2015ean gizateriaren ondare ez-materiala izendatu zituzten Arabako herri inauteriak. Lurdes Lekuonak ondo ezagutzen ditu jatorrizko ospakizunak berreskuratzeko egindako lana, 

Zergatik da, zure ustez, garrantzitsua herri inauteriak berreskuratzea?

Oso inportantea da kultura parte bat delako, gure jaia delako, antzinatik ospatzen zirelako, eta gure identitatearen parte bat direlako

126 ospakizun identifikatu  dira Araban herri inauteriekin lotuta, batzuk berreskuratu dira, baina lan handia dago oraindik egiteko.

Identifikatu ziren hainbat jai, udako jaiak, batzuk inauteriekin lotuta, beste batzuk ez hainbeste. Berreskuratzeko lanean alde batetik, instituzioak inplikatu behar dira, eta bestetik herrietan bizi garenok, elkarte kulturalak, kultura eta tradizioak maite ditugunak.

Sarritan bizilagunek ere ez dakite inauteriak ospatzen zirela herrian.

Bai. Memoria galtzen ari da. Gure zaharrak hiltzen ari dira. Zortea dugu herri batzuetan berreskuratu ditugulako, Zalduondon adibidez, 1975ean hasi ziren, eta beste herri batzuetan geroago, Ilarduian, Eginon, Andoainen... Herriaren ekimena behar da. 

Gerra Zibilean debekatu ziren inauteriak. Baten bat mantendu al zuten Araban?

Madrilgo Gobernuak dekretu bat egin zuen inauteriak debekatzeko,  arauak urratzeko garaia zelako inauteria, kritikak egiten zitzaizkien kleroari, alkateei... eta hori ezin zuten onartu. Batzuk erdi mantendu ziren, Kuartangon adibidez hasi ziren mozorrotzen Agate Deunaren egunean, eta urte batzuetan mozorrotuta ateratzen ziren abestera, gero hori ere galdu zen, eta orain berreskuratu dute. Herri batzuetan inauteria bera ere mozorrotu zuten, ospakizuna egin ahal izateko.

Pertsonai desberdinak daude Arabako herri inauterietan; zer dute komunean Kanpezuko Toribiok, Zalduondoko Markitosek edo Saratsuko porreterok?

Oso inportantea da janzkera, toki gehienetan antzekoa da, herrietan zeuden gauzak erabiltzen dira: zakuak, sardeak, belarrak, lastoa, eta hori da inauteri guztietan ematen den fenomenoa. Lastozko gizona, porreorak... badaude komuneko elementuak.

Herri inauterien eta hiri inauterien arteko aldea dago?

Hirietako inauteriak udalek antolatzen dituzte, eta normalean uniformitate handia dago; Gasteizko desfilean ikusi daiteke, karroza bakoitzak badu bere jantzia baina badaude 200 pertsona berdin jantzita, berdin dantzatzen, eta gainera dantza guztietan musika berdina, pertsonalitate gutxi dute, eta ikuskizuna bihurtzen dira. Hala ere, biak dira inauteriak, hirikoak eta herrietakoak, eta bietan dago ondo pasatzeko aukera. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago