alea.eus

Dantza, taula nagusira

Naiara Lpz de Uralde 2017-02-02 09:53   Kultura  Araba

Danzalava ekimenaren barruan, Gasteizko Jose Uruñuela kontserbatorioan urteko lehen seihilekoan zehar hainbat tailer egingo da Euskadi mailan dantza garaikidea sustatu eta indartzeko helburuarekin.

 

Dantza, taula nagusira
Guillermo Weickert koreografoak gidatuko du otsaileko azken asteburuko tailerra. | Tristan Perez-Martin | Ikusi handiago | Argazki originala

Brusela, Berlin eta Europako beste hainbat hiritan dantzaren inguruan egiten diren jaialdi eta tailerrak erreferentzia moduan hartuta, Pas de Basque guraso elkarteak, Altraste dantza taldeak eta Jose Uruñuela udal dantza kontserbatorioak Danzalava egitasmoaren lehen edizioa antolatuko dute. 

Egitasmo honen helburu nagusia lurraldean dantza garaikidea sustatu eta zabaltzea da, eta horretarako, besteak beste, tailer desberdinak, koreografia erakustaldiak edota euskal sortzaile gazteen topaketak antolatu dituzte. "Badakigu Gipuzkoa eta Bizkaian dantzaren inguruan hainbat egitasmo egiten direla, baina hemen arte hau gehiago sustatu nahi dugu", azaldu du Altraste dantza taldeko kide den Ignacio Monterrubiok. 

Tailerrak urteko lehen sei hilabeteetan zehar egingo dira udal kontserbatorioan, eta bertan dantza garaikidean adituak diren estatuko zein atzerriko irakasleek eta profesionalek parte hartuko dute. "Iñaki Azpillaga, Guillermo Weickert, Victoria P. Miranda edota Daniel Abreu profesionalak ez ezik, Jose Uruñuela udal dantza kontserbatorioko irakasleak edota egun profesional gisa ari diren ikasle ohiak ere aholkulari moduan arituko dira". Modu horretan, Gasteiz dantza garaikideko prestakuntza zehatzaren alorrean errefente bilakatu nahi dute estatu mailan. 

Publikoa "astintzera"

Proiektu honetan jendearen sentsibilizazioak ere garrantzia handia izango du; horretan eragin nahi dute. "Publikoak dantza ikuskizun gehiago eskatzea nahi dugu. Orokorrean antzezlanak izaten direnean jendeak oso ongi erantzuten du, baina urtean zehar programazio osoago bat egotea bilatzen dugu", adierazi du Monterrubiok. 

Horregatik, otsailetik apirila bitartean, tailerrekin batera publiko guztiari irekitako sentsibilizazio-hitzaldiak antolatuko dituzte, TAE (Eszena-Arte Tailerra), Sinkro  gunean (soinu-artista garaikideen taldea) eta Monstrenko taldeekin batera. Modu horretan, "dantzarekin harreman zuzena ez duten gune eta arloetara ere zabaltzea lortuko dugu".

Gazte sortzaileen topaketa 

Azkenik, Gasteizen beren lanak aurkeztera datozenen eta Euskadiko koreografo gazte berrien artean topaketa bat ere antolatu dute, euren artean lanak edota kezkak azaldu eta partekatu ditzaten. Zentzu horretan, gazteen sormen prozesua babestu ez ezik, eskarmentu handiagoa dutenek hasiberrien lanak ere ikuskatuko dituzte.

Momentuz tailerrek jaso duten "erantzun ona" ikusita, antolakuntzatik oso pozik agertu dira. "Guillermo Weickertek emango duen tailerrerako hilabete inguru falta bada ere, dagoeneko jende askok aurkeztu du bertan parte hartzeko interesa, eta hori guretzat oso pozgarria da". 

Datorren urtean ere ekimena antolatzen jarraitzeko nahia adierazi dute. "Hurrengo edizioan lanen produkzioa eta proiektuen kontratazioa izan dira oinarri, dantzariek jaialdi desberdinetan lana izan dezaten", nabarmendu du Ignacio Monterrubiok. "Izan ere, gure artean artista asko izateak ez du ezertarako balio, gero inork kontratatzen ez baditu".

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa